Jon Alberdik jokatuko du Promozio mailako buruz burukoaren finala

Julene Frantzesena 2022ko mai. 7a, 09:14
Jon Alberdi artxiboko irudi batean.

Emaitza gazi-gozoa izan zen anaientzat, baina gozatu egin zuten kantxan. Urduñan jokatutako finalerdian 22 eta 8 irabazi zuen atzo Jon Alberdik, eta beraz, hura izango da finalean. Salaberriaren kontra neurtuko ditu indarrak maiatzaren 21ean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean.

Bat gustura, eta bestea ez hainbeste, baina biak barrez. Halaxe bukatu zuten Alberdi anaiek atzo Urduñan (Bizkaia) jokatutako Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketako finalerdia. Emaitza gazi-gozoa izan zen anaientzat, baina gozatu egin zuten kantxan. Batek irabazi behar, ordea, eta finalerako txartela anaia zaharrarentzat, Jonentzat, izan zen.

Alde nabarmenarekin irabazi zuen hark norgehiagoka; izan ere, partida guztian aurretik izan zen. Markagailuak ere aldea agerian utzi zuen bukaeran: Alberdi 22 eta Alberdi II.a 8. Emaitza hori tarteko, bi aste barru, maiatzaren 21ean, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean izango da azpeitiarra. Salaberria izango du aurrez aurre.

Atzo, partida amaitzean, adierazpenak egin zituen Alberdik, eta partida historikoa "polita" izan zen adierazi zuen. "Oroitzapen polita izango dugu anaiok, baina gehien bat, anaiari irabazi diodalako baino gustura nago finala jokatzeko aukera izango dudalako. Izan ere, bigarren mailako final hauxe falta zitzaidan jokatzeko". Bi asteotan "ahalik eta ondoen" prestatuko dela ere azaldu zuen hark.