Jon Alberdik Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako txapela jantzi du

Andoni Elduaien 2021ko mai. 8a, 19:46
Ezkerrean, Alberdi; eskuinean, Salaverri.

Alberdik eta Salaverrik 22 eta 11 menderatu dituzte Elordi eta Garmendia Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarra Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako txapeldun berria da. Ruben Salaverri errioxarrarekin batera osatu du bikotea pilotari azpeitiarrak, eta 22 eta 11 menderatu dituzte Elordi eta Garmendia Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan.

"Partida ona egin dudala uste dut, eta Salaverrik ere oso ondo gozatu du, txapelketa guztian bezala. Defentsan ondo ibili naiz txapelketan zehar, baina bukatzerakoan ez dut konfiantza gehiegi izan. Ausardiarekin etorri naiz eta Elordiri eta Garmendiari irabazteko banekien tantoa amaitu beharra zegoela. Oso gustura nago", azaldu du Alberdik. 

Elordiren sakea ere hizpide izan du azpeitiarrak. "Bagenekien Elordik denbora gutxi behar duela pilota berri bat hartu eta sakez tantoak egiteko. Gainera, txapelketan zehar takada asko egin dizkigu eta nola edo hala aldeari eutsi nahi genion. Hamabigarren tantoa eta gero egin dugun atsedenaldiaren ondoren hiru tanto inozo egin dizkigute eta urduritzen hasi gara, baina ondo heldu diogu".