2021eko aurrekontuen itxiera datuak "positiboak eta onak" direla azaldu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko api. 6a, 12:38
Atzoko udalbatzarreko irudi bat. (Anartz Izagirre)

2021eko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuten atzoko udalbatzarrean. 27.701.501 eurokoa izan zen iazko behin betiko aurrekontua, %75 izan zen aurreikusitako gastuen exekuzio maila eta %81 diru-sarreren betetze maila. Gerakina 13.144.919 eurokoa da, eta kopuru horretatik 1.350.000 euro Juan Antxieta musika eskolaren lekualdatzera bideratuko dituzte.

Azpeitiko Udalak 2021. urteko aurrekontuen likidazioaren berri eman zuen atzo, asteartea, apirileko ohiko osoko bilkuran. Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak adierazi zuenez, aurrekontuen itxiera datuak "positiboak eta onak" dira, eta, ondorioz, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan aurreikusita dauden proiektu batzuetara bideratuko dute gerakinaren zati bat; tartean, 1.350.000 euro bideratuko dituzte Juan Antxieta musika eskola Soreasuko Dinamoa eraikinera lekualdaketzera. Atzoko bilkuran aho batez onartu zuten 3,6 milioiko kreditu aldaketa bi udal taldeek.

Goenagak azaldu zuenez, 2021. urtea "osasun krisiak baldintzatuta" egon da, eta, horregatik, likidazioa ere "nahiko ez-ohikoa" izan da: "Urtea aurreikuspen batzuekin hasi genuen, baina urtean zehar gertatutakoekin behar ezberdinak sortu ziren, eta erabakiak hartuz eta aldaketak eginez egin dugu aurrera". 2020ko aurrekontuarekin alderatuta, foru funtsaren %5eko jaitsiera izan zela ere azpimarratu zuen Ogasun batzordeburuak. Guztira, 27.701.501 eurokoa izan zen iazko behin betiko aurrekontua; hau da, 2020ko gerakinetik sei milioi euro gehitu zituzten.

Bestalde, Goenagak nabarmendu zuen urteko kontuen itxierak udalaren egoera ekonomikoaren gaineko "datu eta adierazle asko" erakusten dituela. Alde batetik, aurreikusitako gastuen maila iaz %75 izan zela azpimarratu zuen: "COVID-19ak eragin zuzena izan du aurreikusitako hainbat ekintza, jarduera eta festa egiterakoan. Inbertsio errealei dagokienez, aipatu nahi dut urtearen bukaeran exekuzioa horren handia ez bazen ere, aurreikusitako ia proiektu guztiak esleituta zeudela". Proiektu horien artean, besteak beste, skate parkea zein hainbat urbanizazio eta azpiegitura lan nabarmendu zituen Goenagak. Horrez gain, aurreikusitako diru-sarreren inguruan eginiko aurreikuspena ere "egokia" izan zela gaineratu zuen, %81 izan baitzen betetze maila; datu horrekin ere pozik agertu zen.

13 milioiko gerakina

Sarreren eta gastuen arteko diferentzia ere "positiboa" izan da, 1.867.110 eurokoa, hain justu. Datu horiek guztiek udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela baieztatzen dute Ogasun batzordeburuaren esanetan, baita baliabide publikoak "eraginkortasunez eta arduraz" kudeatu direla ere: "Egoera horrek aurrera egiteko eta Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan aurreikusitako proiektuak berme handiz gauzatzeko aukera eskainiko du". Udalaren zor bizia, bestalde, %6,05ekoa da momentu honetan, eta bere mailako udalen batez bestekoa %12koa dela nabarmendu zuen Goenagak atzokoan.

Udalak jakinarazi duenez, gaur egun mailegu bakarra du erakundeak, 1,3 milioikoa, eta 2027an kitatuko du. Datu horien guztien ostean, diru gerakina 18 milioi eurokoa dela jakinarazi zuen Goenagak, baina "hainbat konpromiso hartuak" dituenez, gastu orokorretako diruzaintza gerakina 13.144.919 eurokoa dela.

Udalaren erakundeak diren Euskara Patronatua eta Kirol Patronatua ere aipatu zituen Ogasun batzordeburuak, eta esan zuen bi patronatu horietan likidazioaren emaitza positiboa izan dela.

Musika eskolaren lekualdatzea

Kreditu aldaketa aho batez onartuta, udalaren egoera ekonomikoak hainbat proiektu estrategiko garatzeko aukera emango duela helarazi du udalak, eta horietako batzuk aurten hasiko direla ere bai. 3,6 milioi euroko kreditu aldaketa horren bitartez udal aurrekontuan sartzerik izan ez zituzten hainbat jardueretara bideratuko dute dirua, eta horien artean proiekturik garrantzitsuenetakoa Juan Antxieta musika eskolaren lekualdatzea da.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegi auzunean egingo duten "gizarte beharrei erantzungo dien eraikina" tarteko, eremu hori pixkanaka husten hasiko da udala, eta, horregatik, musika eskolak Soreasuko Dinamoa sormen gunearen goiko solairuan izango du egoitza berria. Erakundeak 1.350.000 euro bideratuko ditu lekualdatze hori gauzatzera.

Beste hainbat proiektu ere gauzatu ahal izango dira gerakinaren laguntzaz. Esaterako, Elizkaleko hiru etxebizitza bloke erosi ditu udalak —350.000 euro bideratuko dituzte—, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Perdillegiko eraikinean soinketa gela berrituko dute —210.000 euro jarriko dituzte horretarako—, eta "herritarren irisgarritasuna hobetzeko" zein "egunerokotasuna errazteko" helburuz, herriko hainbat eremu berrituko eta hobetuko dira; besteak beste, Madalenan, Matxinada kalean, Arana kaleko 17-19 zenbakietan eta Sanjuandegin. Horrez gain, Udaltzaingoak erabiliko dituen bi auto hibrido ere erosiko ditu udalak, eta energia efizientziaren barruan, kaleko argiteria sistema egokitzeko dirulaguntza ere eskatuko dute.

Mugikortasun Plana, aurrera

Udalbatzarrean hizpide izan zuten beste gaietako bat Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana izan zen, hari behin betiko onarpena ematea tokatzen baitzen atzo. Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziak jakinarazi zuenez ez da alegaziorik egon, eta EH Bilduren zein EAJren aldeko botoekin, aho batez, onartuta gelditu zen plana.