Gizarte beharrei erantzungo dien eraikin bat egingo dute Perdillegi azpiko eremuan

Julene Frantzesena 2021ko aza. 12a, 14:00
Ezkerretik eskuinera, Aizbitarte, Etxeberria, Alkorta, Peña, Goenaga eta Zubia, Perretxikoa bezala ezagutzen den eraikinaren atarian.

Gaur egun Juan Antxieta musika eskola eta Udal Euskaltegia kokatuta dauden eraikinaren eta Oktogonoa edo Perretxikoa bezala ezagutzen den eraikinaren eremuetan egingo dute azpiegitura berria, eta besteak beste, adinekoentzako eta mendekotasuna duten herritarrentzako egoitza izango da bertan. Aldundiak eta udalak esan dutenez, gizarte beharrei erantzuteko zaintza eredu berri bat sustatuko du proiektuak. Izan ere, gizartearen zahartzea "errealitatea" dela adierazi dute.

Perdillegi azpieremuan gizarte beharrei erantzungo dien azpiegitura berria egitea adostu dute Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur, ostiralarekin, egin dute horren berri emateko agerraldia Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak Perretxikoa bezala ezagutzen den eraikinaren atarian. Han izan dira, besteak beste, Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendaria, Edurne Zubia udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikari burua, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Amaia Etxeberria EAJren udal taldeko bozeramailea.

Azpeitiko Udalak eta Aldundiak 2020aren hondarrean sinatu zuten akordioak ahalbidetu du hainbat zerbitzu barnean hartuko dituen azpiegitura horren proiektua gauzatzea. Izan ere, hitzarmen haren xedea herriko gizarte zerbitzuak zein baliabideak hobetzea zen. Horrenbestez, gaur egun Juan Antxieta musika eskola eta Udal Euskaltegia kokatuta dauden eraikinaren eta Oktogonoa edo Perretxikoa bezala ezagutzen den eraikinaren eremuetan egingo dute azpiegitura berria, eta besteak beste, adinekoentzako eta mendekotasuna duten herritarrentzako egoitza izango da bertan. Nagore Alkortak azaldu duenez, "zaintzarako ekosistema oso bat" eraikiko dute: "Eraikin berria Azpeitiko zaintza ekosistemaren ardatz nagusietako bat izango da, eta pertsona erdigunean jarriko duen arreta zerbitzu berritzaile eta integrala jartzeko lanean ari gara".

Proiektua sortzeko alde guztiekin izan den adostasunari eman dio balioa Azpeitiko alkateak. Izan ere, haren arabera, adostasuna beharrezkoa da gai estrategikoei erantzuteko. "Erakundeok gizarte beharrei elkarlanean erantzutea ezinbestekoa da herritarrentzat, eta gaur hemen plazaratutako erabakia albiste ona da azpeitiarrentzat. Azpeitian zaintzarako zerbitzuen estaldura oso zabala daukagu, zerbitzu horiek osatzeko esperientzia berritzaileak jarri ditugu abian, eta uste dugu oinarri oso sendoa dugula jauzi bat emateko". Hark, gainera, "etengabeko hobekuntzan" lan egiteko konpromisoa erakutsi du. "Zaintzaren gaiak guztion konpromisoa eskatzen du –eragile publikoen, profesionalen, taldeen edota komunitatearen inplikazioa–, eta arlo honetan ditugun erronkei aurre egiteko lanean jarraituko dugu denon artean".

Arreta ekosistema osatzen

Oraingoz ez dute proiektuaren gaineko xehetasun gehiago eman erakundeek –datarik ez dute zehaztu, ezta azpiegitura nolakoa izango den ere–, baina azpiegitura horrekin tokiko arreta ekosistema osoa bultzatu nahi dutela adierazi dute. "Horretarako eredu berri eta berritzailea ari gara sustatzen, eta emandako urratsek berrikuntza sozialerako bidean sakontzea dute helburu". Bi erakundeen arabera, gizarte beharrak "handitu" egingo dira etorkizunean, eta horri erantzuteko egingo dute azpiegitura berria. Hala azaldu du Azpeitiko alkateak: "Errealitatea da gizartea zahartzen ari dela, baita Azpeitian ere. 2031n azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu, eta 500 herritar baino gehiagok izango dituzte 80 urtetik gora. Mendekotasuna %38 haztea aurreikusten da, beraz. Aurreikuspen horiez gain, pandemiak erakutsi du beste hainbat gizarte behar areagotu egingo direla; besteak beste, buruko gaixotasunak". Datuok eskuetan, behar horiei guztiei erantzutea dagokiela esan du Alkortak.

Peña diputatuak, berriz, Azpeitian hasitako bideak ibilbide "luze eta emankorra" duela azaldu du, herrian zaintzaren "eredu berri bat" bultzatzea xede dutela adierazita. "Zaintza eredu berri bat sustatuko du proiektuak, gizarte zerbitzuen eskaintza behar berrietara egokituz eta komunitate osoaren inplikazioa bilatuz". Hark esan duenez, gizarte zerbitzuen arloan dauden erronkak identifikatzeko lanean ari dira udala nahiz Aldundia, "ezinbestekoa" delako lan hori egitea. "Herri bakoitzean zer behar eta zer aukera dauden jakitea ezinbestekoa da, etorkizunerako prest egon eta gaurtik erantzunak ematen has gaitezen. Izan ere, zaintza komunitatearekin eta gizarte berrikuntzarekin lotzea da etorkizuneko erronka. Horretarako, ekosistema aurreratu bat sortzen ari gara herrian, eta horren erdigunean kokatzen da balio anitzeko Azpeitiko zentro berria".

Hark aurreratu duenez, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak zaintzeko eta sare komunitarioak indartzeko proiektuak bultzatuko dituzte Azpeitian. "Berrikuntza proiektu esperimentalak bultzatuta lurralde mailara zabaltzeko aukera izango duten proiektuak, eta hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuko direnak". Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak berrikuntza soziala, esperimentazioa eta garapen soziala oinarri dituzten proiektuak sustatzera 700.000 bideratuko dituela azaldu du foru diputatuak.