Datozen hamar urteetarako lan ildoak eta erronkak zehaztu ditu udalak Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan

Maialen Etxaniz eta Anartz Izagirre 2021ko mai. 14a, 15:00

Gaur, ostirala, izan da Plan Estrategikoaren aurkezpena udaletxean, eta azken zazpi hilabeteetan herrian egindako diagnostikoaren eta zehaztutako lan ildo estrategikoen berri eman dute udaleko ordezkariek. Guztira, bederatzi lan ildo estrategiko eta 36 erronka zehaztu dituzte, eta etxez etxe banatuko den liburuxka batean helaraziko dizkiete herritarrei.

Azpeitiko Udalak aurkeztu berri du datozen hamar urteetarako erronkak eta ildo estrategikoak barnebiltzen dituen Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa. Gaur, ostirala, izan da aurkezpena udaletxean, eta bertan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Josu Labaka Estrategia eta Hirgintza Saileko batzordeburua, Leire Goenaga Ogasuna eta Langileriako Saileko batzordeburua eta Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburua. Joan zen urriaren 9an eman zuen udalak Plan Estrategikoa lantzeko asmoaren berri, eta azken zazpi hilabeteetan herriko egoera orokorraren diagnostikoa egiten eta ildo estrategikoak fintzen jardun da herri erakundea. Guztira, bederatzi lan estrategiko zehaztu dituzte etxez etxe banatuko duten liburuxkan, eta eremu bakoitzeko beharrak eta helburuak zeintzuk diren identifikatu dituzte.

Nagore Alkorta alkateak egungo egoera aipatuz hasi du hitzartzea: "COVID-19ak asko konplikatu digu bizitza guztioi, eta ezohiko egoera honetan ezohiko erabakiak hartzea tokatu zaio udalari, azpeitiarren beharrei erantzuteko". Ildo horretatik, Alkortak adierazi du ez dela nahikoa momentuko beharrei erantzutea soilik, eta garrantzitsua dela "arazo estrukturalei" erantzutea ere. "Plan Estrategiko hau hilabetez egindako lan mardularen ondorioa da, eta nolako Azpeitia eraiki nahi dugun irudikatzen du", azaldu du alkateak, eta gehitu du "azpeitiarrak oinarri eta helburu" izango dituen herri bat dela erakundearen helburua, "berdintasunez eta duintasunez bizitzeko herria".

Alkortak adierazi duenez, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoaren bitartez herrigintzan "salto kualitatiboa" emateko oinarria eskaintzen da: "herrigintzan ez gara zerotik abiatzen, azken urteetan Azpeitia hobeago bat eraikitzeko lanean aritu direlako herritar eta eragile asko. Momentu honetan norabide bateratu bat jarri dugu, eta prest gaude aurrerapauso hori emateko". Alkateak orain arte sinatutako hainbat hitzarmen ere aipatu ditu aurkezpenean; esaterako, gizarte beharretarako azpiegiturak hobetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena eta Larringo industrialdea eratzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutakoa.

36 erronka eta bederatzi ildo

Josu Labakak Plan Estrategikoaren ildo estrategikoen berri eman du aurkezpenean. Haren arabera, guztira, bederatzi lan eremu edo ildo  zehaztu dituzte datozen datozen hamar urteetarako, eta arlo horietan guztietan hainbat erronka ezarri dituzte. Honakoak dira bederatzi ildoak: ekonomia, gizarte zerbitzuak, parekidetasuna, hezkuntza, euskara, kultura, kirola, etxebizitza eta ingurumena eta klima aldaketa. 53 orriko liburuxka batean laburbildu dituzte arlo bakoitzeko diagnostikoa eta datozen urteetarako helburuak. Guztira, 36 erronka zehaztu direla azaldu du Labakak: "36 erronka horiek badute zerbait komunean, erdigunean herritarrak jartzen ditugula. Azpeitiarren bizi kalitatea hobetzea da helburua, eta horretarako arlo askotatik eragin behar dugu".

Estrategia eta Hirigintza saileko batzordeburuaren esanetan, "indar berezia" jarri dute ekonomian eta gizarte zerbitzuetan, eta horiek izango dira 2030. urtea bitartean udalak izango dituen lehentasun nagusiak. Ekonomian, guztira, bederatzi erronka nagusi zehaztu dituzte, gizarte zerbitzuetan bost, parekidetasunean, hezkuntzan, kulturan eta ingurumen zein klima aldaketa arloetan launa, euskara eta etxebizitza arloetan hiruna eta kirolean bat. Labakaren arabera, "askoren artean landutako dokumentua" da Plan Estrategikoa, eta urtez urte puntu horiek guztiak garatzen joango dira herri eragileekin elkarlanean: "Garrantzitsua da denon arteko elkarlanetik abiatuta norabide komun bat izatea".

Plana osatzeko, bost urrats

Leire Goenagak, bestalde, Plan Estrategikoa osatzeko metodologia izan du hizketagai. "Plan Estrategikoaren edukia bera bezain garrantzitsua da eduki hori nola lortu den", azaldu du. Sei-zazpi hilabetetan ondu dute plana, eta guztira, bost fasetan banatu dute egindako lana. Hasteko, joan zen urritik azarora bitartean 400 herritarrei ausaz inkesta bat pasatu zieten, eta datuen bilketa egin zuten diagnostikoa osatu ahal izateko. Horretarako, Azpeitiko Udalak aurrez egindako Plan Estrategikoa zein estatistika erakundeen —EUSTAT, INE...— datuak erabili zituzten. Bigarren urratsa, berriz, ekarpenak jasotzea izan zen, eta Goenagaren arabera, udaleko sail desberdinetako teknikariekin bildu ziren, bilerak zein elkarrizketak egiteko: "Guztira, hamabi elkarrizketa egin genituen, eta diagnostikoa osatzen hasteaz gain lehendabiziko urratsak eman genituen Plan Estrategikoaren ildo nagusiak zehazteko".

Behin diagnostikoa osatutakoan, Plan Estrategikoaren erronkak zehaztea izan zen hurrengo pausoa. "Arlo bakoitzean erreferente diren udalerriko agenteengana jo genuen,  eta Udal Gobernuko ordezkariekin eta oposiziokoekin ere bilerak egin genituen", azaldu du zinegotziak. Laugarren urratsa, berriz, herritarrengana jotzea izan zen, eta bi saio telematiko egin zituzten gizarte eragileetako ordezkariekin: "Herrigintzako alor desberdinetan modu aktibo batean lanean diharduten eragileetako kideengana jo genuen, eta diagnostikoaren irakurketari bukaera emateko baliatu ziren saio horiek". Horrez gain, haurrekin ere hainbat saio egin zituen herri erakundeak, ludotekako hezitzaileen bitartez, haien ekarpenak jasotzeko. Halaber, aintzatu hartu zituzten gazteekin eta nerabeekin joan zen ikasturtean egindako parte hartze prozesuaren emaitzak ere .

Azken fasean, berriz, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoko ildo nagusiak findu zituen Ikertalde enpresako lantaldeak, eta 2030 urtera arte herrian landuko diren ildo estrategikoak zeintzuk diren zehaztu ziren.