Martxoaren 26an egingo dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX.edizioa

Anartz Izagirre 2022ko urt. 1a, 10:00

Joan zen urtarrilaren 31n hil zen Alejandro Gomez omentzea izango du helburu aurtengo lasterketak, eta 2022an data berean irekiko da lasterketan izena emateko epea.

Diego Garciaren Oroimenezko XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak badu data: martxoaren 26a. Antolatzaileek iragarri dutenez, une horretako osasun neurriek eragozten ez badute, egun horretan egingo dute proba, eta urtarrilaren 31n irekiko dute bertan izena emateko epea.

Urtero bezala, lasterketa atletismoko erakunde ofizialen egutegian sartuta dagoela azaldu dute antolatzaileek, eta aurten, gainera, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak; adierazi dutenez, Euskal Herrian zigilu hori duen proba bakarra da.

Aurtengo edizioak iazko lelo bera izango duela diote: "Lerro hauen bidez, aurtengo leloak dioen bezala 'Aupa Zu!' oihua egin nahiko genuke, garai zail hauetan, egoera larriren bat bizitzen ari den orori animoak emanaz. Guztioi urte amaiera on bat opa dizuegu eta ea 2022an errepidean ikusten dugun elkar. Batzuk korrika, beste batzuk txalotzen, zenbait laguntzen, zabaltzen, edota babesten".

Bestalde, probaren bitartez Alejandro Gomez korrikalaria omendu nahi dute, joan zen urtarrilaren 31n hil baitzen. Honako lotura honetan irakur daiteke Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek haren omenez idatzitako gutuna, eta beste honetan, Diego Garciari, Ione Basterrari eta Alejandro Gomezi joan zen apirilean egindako omenaldia.

Azken edizioa, birtuala

Koronabirusak eragindako pandemia tarteko, joan zen martxoan egitekoak ziren XXVIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia birtualki egin behar izan zuten; Imanol Inza eta Nerea Azpiazu izan ziren proba horretako garaileak. 2020koa, berriz, bertan behera gelditu zen, osasun krisia aktibatu zutenean baitzegoen aurreikusita proba egitea.