Bertan behera utzi dute XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko irudi bat.

Irailaren 19an ziren egitekoak maratoi erdiaren XXVII. edizioa, baina antolakuntzak adierazi du ez direla gutxieneko baldintzak betetzen proba egin ahal izateko. Datorren urtereko proba prestatzen ari dira dagoeneko, eta data berria ezarri dute: martxoaren 20a.

Joan zen martxoan ziren egitekoak Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXVII. edizioa, baina koronabirusak bete-betean harrapatu zituen antolatzaileak, eta irailaren 19ra atzeratu behar izan zuten proba. Diego Garciaren omenezko probaren antolatzaileek, ordea, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute azkenean, proba gauzatzeko gutxieneko baldintzarik ez dagoela argudiatuta.

COVID-19ak korrikalarien "amets guztiak zapuztu" dituela azaldu dute probaren antolatzaileek: "Goi mailako korrikalariak ikusteko eguna, Gipuzkoako txapeldunak izendatzeko ordua... Batzuek erronka izango zuten aitzakia; beste batzuek, aldiz, lagunartean lasterketa handi batean parte hartzea. COVID-19ak, ordea, egitasmoa eta amets guzti horiek bertan behera utzi ditu". Ildo horretatik, garai hauetan "arduraz jokatzeko unea" dela nabarmendu du antolakuntzak.

2019. urtean ekin zioten maratoi erdiaren XXVII. edizioa antolatzeari; aurtengoan, Runner bihotza lema ezarri zioten edizioari, eta buru-belarri zebiltzan proba antolatzen. Besteak beste, kamisetak prestatu, partaidetza areagotzeko prezio herrikoiak ezarri, korrikalarientzako GYM-SAC ekologikoa prestatu eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko hainbat komertzioren laguntza lortu zuten. Dena prest zuten irailean proba gauzatu ahal izateko, baina Runner bihotza "amesgaizto batean" gelditu dela nabarmendu dute maratoi erdikoek.

Hala eta guztiz ere, antolakuntzak proba antolatzen lagundu dieten erakundeei eta korrikalariei eskerrak eman dizkie, eta partaideen izen-emateak kudeatzeko haiekin harremanetan jarriko direla nabarmendu dute datozen egunetan. Bestalde, 2021. urteko proba prestatzen ari direla ere adierazi dute antolatzaileek, eta lasterketaren data berria ere zehaztu dute: 2021eko martxoaren 20a.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide