World Athletics erakundearen Road Race Label ziurtagiria jaso du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 23a, 17:00

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXVIII. edizioak, aurtengoak, World Athletics erakundearen Road Race Label ziurtagiria jaso du. Maratoi erdiaren antolatzaileen hitzetan, "urtez urte Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiak egiten duen lanaren aitortza" da ziurtagiri hori, "eta nahiz eta pandemiak lasterketa bi urtez jarraian atzera bota, antolakuntzatik berdin-berdin jarraitzen dugu lanean, lasterketak estamentu atletiko guztietan ofiziala izaten jarrai dezan"

Pandemiak eraginda, hain zuzen, lasterketa birtuala izango da aurtengo maratoi erdia, eta oraindik eman daiteke izena, parte hartzeko. "Aurtengo edizioa birtuala izango da, baina 2022ko martxoaren 26an gure onera itzultzea espero dugu. Horretarako, aurten ibilbidea berriro homologatu beharko dugu eta beste urte batez, egutegi atletikoetan izena eman, probak nazioarteko maila mantendu dezan eta Azkoitiko eta Azpeitiko herriek atletismoaren munduan izen ona izaten jarrai dezaten", azaldu dute antolatzaileek.