Gutuna

Alejandrok utzi gaitu

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak 2021ko ots. 1a, 09:00

Alejandro Gomez korrikalaria hil dela eta, honako gutun hau bidali dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek.

Atletismo mundua doluz jantzi da. Alejandrok agur esan digu. Badira zortzi hilabete egun hau iritsiko zela esan zigutela, eta hilabete gutxiago iraungo zuela ere jakinarazi ziguten. Baina gure txapeldunak, beste behin ere, erakutsi du ezbeharrei aurre egin behar zaiela; berak eta Diegok adiskidetasunaren, batasunaren, alaitasunaren, ilusioaren, bizitzako positibotasunaren, patuaren, lan gogorraren eta borrokarako gaitasunaren balioa islatzen zuten.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileok gure doluminak bidali nahi dizkiegu Paulari, Diegori eta Alejandrorekin oso lotuta dauden gainerako lagunei nahiz atleten komunitateari. Zortzi hilabete izan ditu Alejandrok guztiok agurtzeko, eta orain guri dagokigu Alejandroren oroimena bizirik mantentzea.

Bere gaixotasunaren berri izan genuenean, Azkoitia-Azpeitiaren aurtengo edizioa berari eskaintzea erabaki genuen. Atletismoaren balioetatik haratago, irakatsi diguzu korrika eginez bizitzen ikasten dela.

Eskerrik asko, Alejandro, eman diguzun guztiagatik.

Beti egongo zara gure bihotzean. Aupa zu!