Juan Antxieta musika eskolakoek herritarren doinuetan oinarritutako jaialdia eskainiko dute bihar Soreasun

Julene Frantzesena 2022ko api. 5a, 08:44
Musika eskolakoek 2019ko Santa Zeziliaren bueltan eskaini zuten kontzertuko irudia.

Joan den azaroan bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia berreskuratuko dute bihar, 19:00etan hasita. Uztarria.eus-ek udan martxan jarri zuen Azpeitiarren doinuak egitasmoa izango du oinarri emanaldiak, eta han parte hartu duten lau herritar ere agertokian izango dira, musika eskolako ikasleekin batera.

Juan Antxieta musika eskolako kideek Herritarren doinuak jaialdia eskainiko dute bihar, Santa Zezilia egunaren bueltan eskaintzekoa ziren baina egin ezin izan zuten ikuskizuna berreskuratuz. Joan den azaroan bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia, COVID-19aren uneko oldarraldiaren eraginez. Bihar, 19:00etan hasiko da musika eskolakoen emanaldia, Soreasu antzokian, eta dozenaka musikari izango dira agertokian.

Uztarria.eus-ek udan martxan jarri zuen Azpeitiarren doinuak egitasmoa izango du oinarri Juan Antxietakoen emanaldiak. Hain zuzen ere, Uztarriak bost herritarri eskatu zien 2021eko udan beren euskal kanta gustukoenak zeintzuk diren adierazteko, eta bost lagun horietatik lauk ere parte hartuko dute biharko jaialdian: Olatz Pratek, Kepa Susperregik, Haritz Garmendiak eta Felipe Murillok; Deñe Garcia-Bravo (udan Azpeitiarren doinuak egitasmoan parte hartu zuen bosgarren herritarra) ere parte hartzekoa zen azaroko jaialdian, baina oraingoan ezingo du Soreasun aritu. Joan den azaroaz geroztik hazi egin da Azpeitiarren doinuak saileko bilduma, Gabonetan jarraipena izan zuen-eta egitasmoak. Eta orain, Aste Santuko oporraldiaren bueltan, beste lau herritarren euskal abesti gustukoenak ere jasoko ditu Uztarria.eus-ek, bihar hasita, hain zuzen.

Lau lagun horiez gain, baina, musika eskolako ikasleak izango dira protagonista. Azpeitian zehar ibilbide bat proposatuko dute horiek, hainbat euskal kantaren bidez. Gainera, musika eskolako ikasketak amaitu dituzten herritarrek diplomak eskuratuko dituzte jaialdian bertan.