Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia desmuntatzen hasi dira

Julene Frantzesena 2021ko mai. 25a, 12:25
Josu Labaka zinegotzia, Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua zinegotzia gaurko agerraldian.

Lantegiko makinen jabe Metales Vela enpresak atzo aurkeztu zuen desmuntatze lanekin hasteko akta udaletxean, eta dagoeneko hasi dira zeregin horretan. Lan horiek hasita, Azpeitia "fase berri batean" sartzen dela esan du Nagore Alkorta alkateak. Hark esan duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak "aspalditik" zekiten Corrugados herrigunean ez zela irekiko. Gainera, bi erakunde horiek eta CL taldeak Trukutxon lantegia martxan jartzeko aukera aztertzeari "uko" egin diotela azaldu du.

Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia desmuntatzen hasi dira dagoeneko. Hala jakinarazi du gaur, asteartea, Nagore Alkorta alkateak, hainbat argibide emateko Josu Labaka Hirigintza batzordeburuarekin eta Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburuarekin batera eskaini duen agerraldian.

CL taldeak atzo jakinarazi zuen, hedabideen bidez, Amue eremuko lantegia ez zuela irekiko, eta Azpeitiko alkateak gaur azaldu duenez, lantegiko makinen jabe den Metales Vela enpresak atzo bertan aurkeztu zuen desmuntatze lanekin hateko hasierako akta udaletxean. Alkortak adierazi duenez, Corrugadosen bueltan martxan dagoen proiektu bakarra desegiteari buruzkoa da, eta haren arabera, Eusko Jaurlaritzak badaki hori: "Badaki, besteak beste, expediente horretan desmantelamentua gauzatzeko ingurumen baldintzak berak jarri zituelako 2020ko azaroan egindako txostenean".

Alkateak esan duenez, lantegiko makinak-eta eraisteko lanak hasita, "fase berri batean" sartzen da Azpeitia, eta etorkizunari begiratzeko unea dela uste du. "Ia hamar urtez ezerezera kondenatuta egon diren lur sailak berreskuratzeko prozesuari ekingo diogu. Herrigunean Azpeitiaren garapenerako oso garrantzitsuak izango diren lur batzuk berreskuratuko ditugu, Marcial Ucin eremuaren birgaitzea sustatuko da, ingurumen baldintzak betez Arauntza eremuko zabortegia behin betiko zigilatzeko prozesuari batuko gatzaizkio, eta bitartean, Trukutxon siderurgia aktibatzeko aukera lantzen jarraituko dugu".

Trukutxoko aukerari "uko"

Trukutxoko eremuari erreferentzia eginda, Azpeitiak industriari inoiz ez diola uko egin azaldu du alkateak: "Urola eskualdeak eta Gipuzkoak badu Azpeitian siderurgia martxan jartzeko leku bat, eta erakunde publikooi elkarlanean dagokizu proiektu eta prozesu hori sustatzea". Are gehiago, alkateak esan du Corrugadosen gaian ere saiatu direla Azpeitian siderurgia martxan jartzen, baina ez diotela "utzi" adierazi du. "Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristian Lay enpresak uko egin diote Trukutxon –Hirigitza Antolamenduko Plan Orokorrak eta Lurraldeko Plan Partzialak espresuki siderurgiarako prestatutako eremuan– lantegia martxan jartzeko aukera aztertzeari".

Udal Gobernuak "alderdien interesen gainetik azpeitiarren interesak" jarri dutela esan du Azpeitiko alkateak, eta "zurrunbilo mediatikoan kokatu" zituztenetik, "beti egia esaten" aritu direla gaineratu du. Gainera, gaia hedabideetara eramatearen helburua ez dela inoiz lantegia martxan jartzea izan berretsi du. "Lehenik, inongo proiektu ekonomikorik gabe, ingurumen baldintzak eta baldintza juridikoak betetzen ez dituen eremu batean lantegia martxan jartzeko aukera paregabeaz aritu dira publikoki, eta orain, inolako proiektu ekonomikorik gabe sortutako ehunka fikziozko lanposturen galera ari gara".

Gainera, sortutako "espektatiba faltsuen ardura" Azpeitiko Udalaren gain jarri dutela salatu du, eta esan du Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak "aspalditik" zekitela Corrugados herrigunean ez zela irekiko. "Horrez gain, jakin bazekiten, martxoaren 31n egindako bileran adierazi ziguten bezala, ez zeukatela Corrugadosen inguruko idatzizko ezer; ez proiektu ekonomikorik, ez negozio planik, ez azterketa teknikorik, ez ingurumen inpaktuaren azterketarik. Eta kontrakoa dioenak aurkez dezala lanpostu horien guztien sorrera sostengatzen duen benetako proiektu ekonomiko bat, baita ingurumen baldintzen betekizuna ere".

Azken hilabeetako eztabaidaren harira, "beste behin", Azpeitiko herriarekiko begirunea eta Azpeitiko Udalarekiko errespetu instituzionala eskatu ditu Alkortak: "Azpeitiarrok ez dugu merezi gure herriari egiten ari zaion kaltea". Alkateak adierazi duenez, Azpeitia etorkizunari "baikortasunez eta erantzukizunez" begiratzen dion herria da, "aktiboa, ekintzailea eta langilea", eta "tokiko ekonomia sustatzeko eta bertako ekonomiari bultzada berri bat" emateko lanean ari direla esan du.

Hona hemen, Azpeitiko Udalak gaur eskaini duen prentsaurrekoaren bideoa: