Eusko Jaurlaritzak "ezinegona" adierazi du Azpeitiko Udalak Corrugadosen gaiarekin izan duen jarreragatik

Julene Frantzesena 2021ko mai. 25a, 12:15
Arantxa Tapia sailburua gaurko agerraldian.

"Galdutako aukeragatik ezinegona eta tristura" agertu ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Hark esan duenez, erantzukizuna Azpeitiko Udalarena da, "harena delako erabakia, eta beraz, erantzukizuna". Gaiari irtenbidea emateko Jaurlaritzak egindako elkarlanerako proposamenari "beti ezetz" erantzun diola leporatu dio Azpeitiko Udalari.

CL taldeak Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia ez duela irekiko jakinarazi duela eta, Azpeitiko Udalak egindako gaiaren kudeaketan jarri du arreta Eusko Jaurlaritzak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaiaz hitz egin du gaur, asteartea, eta "galdutako aukeragatik ezinegona eta tristura" agertu ditu. "Ezinegona eta lotsa sentitzen dut, Gipuzkoako 7.000 langabeek ez dutelako ulertuko zer ari den gertatzen, eta ezinegona eta lotsa sortzen dizkit atzo eta gaur erabiltzen ari den zinismoak eta gaiaren desitxuraketak, ustez, borondate onenarekin, honetan eman eta galdu dugun denboragatik".

Haren ustez, baina, "okerrena" Jaurlaritzaren jardunaren gaineko "salaketa faltsuak" izan dira. "Enplegua sortzea ez zaigula axola eta beste arrazoi batzuengatik jardun dugula esan dute. Zer bestelako arrazoi? Argitu ditzala", zuzendu zaio Azpeitiko alkate Nagore Alkortari. Tapiaren arabera, erantzukizuna "dagoen lekuan" dago. "Ez du balio beste aldera begiratzeak eta errudunak beste leku batean bilatzeak". Hark esan duenez, erantzukizuna Azpeitiko Udalarena da, "harena delako erabakia, eta beraz, erantzukizuna". Gainera, alkateari "zorripiztu baten" gisan jokatzea leporatu dio Tapiak, baita "pilota besteren teilatura botatzea" ere. "Azpeitiko Udalak ez du herritarren beharra atzeman, ezta alboko herriko biztanleena ere, eta hori politika zorripiztuaren arriskua da. Argi dago herri guztietako egoera sozioekonomikoa ez dela bera, eta lanaren bilaketa intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin defendatzen da egoera desberdina den lekuetan".

Horrez gain, Gipuzkoako eta Azpeitiko herritarren aurrean "egia" kontatzeko eta "informazioa ez ezkutatzeko" eskatu dio sailburuak alkateari. "Eskatzen diot ez erabiltzeko txipiroi tinta dena belzteko eta erantzukizunak beste leku batean bilatzeko. Bakoitzak bere erantzukizunak ditu, helduak gara eta badakigu erantzukizun politikoak zein diren, eta zentzu horretan, esan dezala zergatik eta nola egin duen; ondo ari dela sinetsita badago, ez dago arazorik".

"Erantzuna beti ezezkoa izan da"

Sailburuaren aburuz, Aldundiak eta Jaurlaritzak "proiektua gauzatu ahal izateko ekarpen guztiak" egin dituzte. "Enpresak atzeman zituen aktibitatea martxan jarri ahal izateko non egon zitezkeen arazoak, eta administrazioei zer egin behar zuen esateko laguntza eskatu zigun. Hiru administrazioen aurrean azaldu zuen zer egin nahi zuen: aurreko proiektua martxan jarri. Hainbat azalpen eman zituen, hala nola zenbat tona jarriko zituen martxan, zer berrikuntza egin behar zituen, hobekuntzak egin ahal izateko zer harreman izan zuen inguruko hornitzaileekin, eta esan zigun langileak ez bazituen aurkitzen, formakuntzarekin laguntzeko guk egiteko horretan".

Tapiaren arabera, hiru administrazioek martxoaren 31n egin zuten akordioa lortzeko "azken ahalegina", eta udalari dokumentu teknikoak lantzeko eta lan-mahai bat sortzeko proposatu ziotela esan du. "Gure laguntza eskaini diegu aldaketa egin behar bazen egiteko, sor zitezkeen arazoak gainditzen laguntzeko eta arazoei irtenbide bateratua emateko, baina erantzuna beti ezezkoa izan da. Aldez aurretik hartutako erabakia izan da". Tapiak jakinarazi duenez, apirilaren 13an jakinarazi zioten enpresari ezinezkoa zela jarduera berriro ekitea.

Hark adierazi duenez, ordea, Azpeitiko Udalak "beti" esan izan du "administratiboki ezin dela aktibitate hori martxan jarri", nahiz eta jakinarazi duen Jaurlaritzaren txostenek "baietz" diotela, "baita enpresak aurkeztutako eskaeran erantsitako txostenak ere". Tapiaren arabera, alkateari eta udalari txosten horiek lantzeko eta gaiari irtenbidea emateko elkarrekin lan egitea proposatu izan diote. "Gure laguntza eskaini diegu aldaketa egin behar bazen egiteko, eta erantzuna beti ezezkoa izan da. Aldez aurretik hartutako erabakia izan da".