Corrugadosen herriguneko labea Trukutxo eremura eramatea proposatu du Azpeitiko Udal Gobernuak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 12a, 12:55
Josu Labaka zinegotzia, Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua zinegotzia gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

Azpeitiko alkatearen hitzetan, Azpeitiko Udalak "ahalegin guztia" egingo du lanpostuak sortzeko egon daitekeen balizko aukeraren aurrean. Udal Gobernuak azaldu duenez, beren proposamena da aukera "erreal" bakarra, eta 2013an onartutako Hirigintza Plan Orokorrean dago jasota. Zehazki, Corrugados Azpeitiaren herriguneko eremua martxan jartzeko baimena ematea "legez kanpokoa" litzatekeela azaldu du alkateak.

Cristian Lay enpresak eta erakundeek atzo egin zuten bileraren gaineko xehetasunak emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Azpeitiko Udal Gobernuko ordezkariek. Nagore Alkorta alkateak Corrugados Azpeitia lantegiaren balizko irekieraren aurrean Azpeitiko Udalak zer jarrera duen azaldu du, baita atzo Donostian egindako bileran erakundeak zer proposamen egin zuen ere.

Alkateak garbi utzi nahi izan du udalak "interes handia" duela Corrugados Azpeitiaren jarduera martxan jartzeko. Baina, aldi berean, gogorarazi du Cristian Lay enpresak oraindik ez duela plan ekonomikorik aurkeztu. Azpeitiko alkatearen hitzetan, Azpeitiko Udalak "ahalegin guztia" egingo du lanpostuak sortzeko egon daitekeen balizko aukeraren aurrean. "Corrugadosen irekiera bultzatzeko eta laguntzeko borondate osoa dugu".

Alkortak adierazi duenez, Corrugados "berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak beteta Azpeitian irekitzeko proposamena" helarazi zien Azpeitiko Udalak atzo Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Cristian Lay enpresako arduradunei. Izan ere, haren arabera, bada enpresa zabaltzeko aukera "erreal eta egingarri" bat; are gehiago, Azpeitiko Udalak egindakoa da Corrugados "berme guztiekin" irekitzeko proposamen "erreal" bakarra.

Udalak egin duen proposamena 2013an EH Bilduren eta EAJren babesarekin onartutako Hirigintza Plan Orokorrean dago jasota, Alkortak adierazi duenez: "Azpeitiak badu Corrugados martxan jarri ahal izateko plan bat. Horretarako prestatu zen Trukutxo eremua [Anardi industrialdearen ondoan dagoena] eta dagoeneko hainbat instalazio eginda dauzkate". Alkateak adierazi duenez, gainera, udalerriko plan orokorra ez ezik, Zarautz-Azpeitia eremu bitarteko Lurralde Plan Partziala ere 2009an aldatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, sail guztien aldeko txostenak jasota, Trukutxon jarduera hori ezarri ahal izateko.

Corrugados Azpeitia lantegiak hiru zati ditu egun –herrigunekoa, Landetakoa eta Trukutxo eremukoa–, eta herriguneko eremuaren erabilera da Hirigintza Plan Orokorrean aldatu zutena. Hain zuzen ere, 2013ra arte industria jarduerarako lurrak ziren Corrugadoseko labeak kokatuta zeudenak, baina plan berria onartuta, etxebizitza eta zerbitzuetarako izendatuta dago eremua. Horregatik, udalak jakinarazi duenez, industria jarduera ez da Plan Orokorrean jasota dagoenarekin bateragarria: "Azpeitiko alkateak, Udal Gobernuak eta udalbatzak aho batez onartuta ere, ez daukagu herrigunean industria jarduera abiarazteko baimena ematerik. Legez kanpokoa litzateke, eta ez da zilegi Azpeitiko Udalari legea hauts dezan eskatzea. Alkateak ezin du txosten tekniko guztien aurka doan erabaki bat bere kabuz hartu".

Herriguneko labeak pizteko aukeraren aurrean, txosten teknikoen zain daudela esan du Alkortak, baina adierazi du "ia ziurtzat" jo dezaketela herriguneko industria instalazioak erabiltzeko berme juridikorik eta urbanistikorik ez dela izango.

Azpeitiko Udalak "elkarlanean" aritzeko eskua luzatu die Jaurlaritzari eta Aldundiari, eta erakundeen arteko "elkarlana eta errespetua" sustatu nahi duela azaldu du. "Azpeitiko EH Bilduren eta EAJren artean adostu eta Plan Orokorrean jasota dagoen bidea egiten laguntzeko, proposamena borondate onenarekin aztertzea eskatzen dugu". Cristian Lay enpresari, berriz, aukera aztertzeko eskatu dio Udalak, "ekonomikoki bideragarria den ikusi eta dagokion prozedura garatu zein inbertsioak egin ditzan".

"Udalaren teilatuan dago pilota"

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua elkarrizketatu dute gaur, ostirala, ETB1eko Egun on Euskadi saioan, eta Corrugados Azpeitiaz galdetu diote hari. Tapiak azaldu duenez, Plan Orokorra aldatu daiteke Plan Berezi bat eginda eta enpresarekin adostasuna lortuta. "Momentuz ez dago ordenazioz kanpo enpresa, eta beraz, enpresa hori berme guztiekin bertan garatu ahal izateko interpretazioa egin daiteke borondate onarekin; enpresa prest dago".

Hark azaldu duenez, udalak proposatzen duena "beste alternatiba" bat da, baina horrek denboran "urrun joatea" suposatzen duela eta proposamen horren inbertsioak ez direla egingarriak esan du. "Une honetan enpresa ezin da beste leku batera eraman, baina borondate pixka batekin udalak ere bila dezake irtenbidea; enpresak hori eskatzen du". Sailburuaren hitzetan, enpresa bat etorkizuneko proiektu batekin lanpostua sortzera badator, erakundeek "sustatu" egin behar dute jarduera. Zentzu horretan, gaur-gaurkoz, "pilota udalaren teilatuan" dagoela esan du.