Corrugados Azpeitiaren balizko irekiera aztertzeko bilera egingo dute gaur enpresak eta erakundeek

Julene Frantzesena 2021ko mar. 11a, 11:27
Corrugados Azpeitia lantegiaren ataria.

Arratsaldean egingo dute bilkura Cristian Lay taldeak eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Azpeitiko Udalak. Erakundeek Miguel Angel Leal taldearen zuzendariaren asmoen berri jaso nahi dute bileran. Ikusteko dago zer proposamen egingo duen hark.

Corrugados Azpeitia enpresaren balizko irekieraren inguruko informazioa zabaldu izanak hautsak harrotu ditu azken egunetan, eta gaur arratsaldean bilera egingo dute enpresa hori irekitzeko interesa agertu duen Cristian Lay taldeak eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Azpeitiko Udalak. Erakundeek Miguel Angel Leal taldearen zuzendariaren asmoen berri jaso nahi dute bileran; izan ere, hark esana du enpresaren bideragarritasuna aztertzen ari dela. Dena den, ikusteko dago zer proposamen egingo duen hark.

Zortzi urte dira Alfonso Gallardo taldeak Corrugados Azpeitiako langile guztiak kaleratu eta lantegia itxi zuela. Hain zuzen ere, Gallardo taldeak 2013ko abuztuaren 5ean eman zien enpresan gelditzen ziren azken langileei kaleratze agiria, eta hurrengo egunean itxi zuten lantegia. Orotara, 300 behargin kaleratu zituzten enpresa hartatik. 2019ko abuztuan, Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak erosi zuen Gallardo Balboa taldea, eta handik urtebetera, joan zen uztailean, Cristian Lay taldearen eskuetara pasatu zen Gallardo Balboa taldea.

Oraingoa ez da Corrugados Azpeitia zabalduko ote duten zurrumurruak zabaldu diren lehen aldia; 2017ko martxoan, adibidez, Gallardo taldea lantegia berriz zabaltzea aztertzen ari zela jakinarazi zuen Efe berri agentziak.

Corrugados Lasao lantegia ere Cristian Lay taldearena da gaur egun. Han elektrosoldatutako metalezko mallak ekoizten dituzte, eta orain dela urte batzuk hainbat lan gatazka izan bazituzten ere, lantegia zabalik dago gaur egun. 30 bat beharginek egiten dute lan Lasao auzoan kokatuta dagoen lantegian. 2013ko abuztuan 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardo Taldeak.

"Bi korapilo askatzeko"

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak prentsaren aurrean hitz egin du gaur goizean, eta hark azaldu duenez, gaurko bileraren helburua da aurrez aurre dituzten "bi oztopo nagusiei" aterabidea ematea. Izan ere, haren arabera, "askatu beharreko bi korapilo" daude egun, Corrugados Azpeitia martxan jartzeko: "Batak, udal ikuspegia du; eta besteak, Jaurlaritzarena". Udalari dagokion zatiak Hirigitza Plan Orokorrarekin luke zer ikusia hainbat hedabideren arabera –2013an onartu zuen udalbatzak aho batez–; izan ere, Corrugadoseko altzairutegia kokatuta dagoen Amue eremua ez dago eremu industrial bezala izendatuta plan horretan.

Jaurlaritzari dagokionak, berriz, ingumen baimenekin, eta horixe izan du hizpide Tapia sailburuak: "Enpresa horrek ingurumenari buruzko txosten bat behar du, eta aztertu dugu gutxi gorabehera nola egin daitekeen edo zer egin daitekeen. Izan ere, araudia aldatu egin da. Dena den, argi dago eskakizun denak betetzeko eta beharrezkoak diren inbertsio guztiak egiteko prest dagoela". Tapiak azaldu duenez, helburua da lantegiaren aktibitatea aurrera eramateko irtebide hori auzkeztea enpresari. "Garrantzitsua iruditzen zaigu zer baliabide jarri beharko ditugun eta gauzak nola egin behar diren zehaztea, baita enpresak zer hobekuntza egin beharko lituzkeen ikustea ere".

Tapiak azaldu duenez, oztopoak gainditzeko modukoak baldin badira, enpresarekin lanean hasi beharko dute: "Zer egin behar den, nola, zeintzuk diren epeak... Baina gaurko egunean, krisiaren erdian, enpresa bat enplegua eta aberastasuna sortzera baldin badator, administrazio bezala, gure helburua eta eginbeharra da hori gauzatzeko lana erraztea".