Koronabirusa Azpeitian

Beste 21 herritarrek eman dute positibo atzo gauzatutako PCR probetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 23a, 13:27
Baheketa selektiboa egin zuten egunetako irudi bat.

Semaforo gorriak piztuta segitzen du Gipuzkoako 22 udalerritan, tartean Azpeitian. Hori dela eta, hainbat neurri murriztaile indarrean dira dagoeneko. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia gaur-gaurkoz: 1.414,81. Azken zazpi egunetan, berriz, 122 positibo detektatu dituzte herrian.

Atzo baino gutxiago izan badira ere, Azpeitian atzemandako positibo kopuruaren hazkundeak ez du etenik. Atzo gauzatutako PCR probetan –ez dute zehazten zenbat egiten dituzten herri bakoitzean– 21 positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Azken zazpi egunetan, berriz, 122 positibo detektatu dituzte.

Semaforo gorriak piztuta segitzen du Gipuzkoako 22 udalerritan, tartean Azpeitian ere bai. Izan ere, hamalau eguneko positibo kopuru metatu altua du herriak. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia: 1.414,81. Aurretik dira Ordizia –1.624,87– eta Beasain –1.524,8–. Azkoitiak eta Zumaiak ere intzidentzia tasa oso altua dute, 1.176,08 eta 1.129,77, hurrenez hurren. Errezilek ere izugarrizko intzidentzia tasa –4.299,36– dauka, baina ez da iristen neurriok indarrean jartzeko ezarri dituzten baldintzetara; izan ere, bost mila biztanle baino gutxiago ditu.

100.000 biztanleko 500dik gorako positibotasun tasa dauka Azpeitiak, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileak dagoeneko indarrean daude herrian. Gainera, Azpeitiko Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu, eta herrian astebururako antolatuta zeuden ekitaldi ia guztiak bertan behera gelditu dira.

Positiboak goraka

Osasun Sailak Azpeitian atzeman zituen eskualdeko positibo gehienak atzokoan, baina Azkoitian eta Zumaian ere ugari izan ziren positibo eman zuten herritarrak. Egunean zehar gauzatutako PCR probetan 69 positibo zenbatu zituen Urola Kostan: Azpeitian 21, Azkoitian 20, Zumaian hamahiru, Zarautzen hamar, Zestoan lau eta Errezilen bat. Dena den, positiboen kopurua herenegungoa baino baxuagoa da; izan ere, 85 positibo detektatu zituzten orduan eskualdean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek ikaragarrizko gorakada izan dute azken egunetan, baina baita gauzatutako PCR kopuruak ere. Atzo, esaterako, COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan orain arteko test gehien egin zituzten eguna izan zen; 14.144 proba egin zituzten hiru lurralde horietan. Eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: orain arteko positibo gehien atzeman zituzten atzo, 1.207. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %8,5ek eman zuten positibo.

Lurraldeka honako hauek izan ziren datuak: Araban 87 positiboa; Bizkaian 561; eta Gipuzkoan 545. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere positibo eman zuten proban. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa altua da; izan ere, 452,51ra iritsi da dagoeneko. Lurraldeka, baina, badira aldeak: Arabako tasa 319,54 da; Bizkaikoa 370,21; eta Gipuzkoan 626,33.

Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, 339 lagun daude erietxeetan, herenegungo kopuru berbera. Dena den, gora egin du ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 69 baitira horiek –herenegun 62 ziren–.

Nafarroan behera egin du positiboen kopuruak: hain zuzen ere, 3.716 PCR eta antigeno proba egin eta 469 kasu atzeman zituzten han atzo. Horrenbestez, testak egin zituzten herritarren %12,6k eman zuten positibo. Atzo bi lagun hil ziren Nafarroan, eta gaur egun, 369 lagun daude hango ospitaleetan koronabirusaren ondorioz, herenegun baino 39 pertsona gehiago. Horietatik 43 daude ZIUn atzoz geroztik.