Koronabirusa Azpeitian

COVID-19 gaitzaren hedapena murrizteko neurriak zorroztu ditu udalak

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 23a, 11:22
Udal Gobernuak goizean egin duen bilerako irudia. (Azpeitiko Udala)

Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako arauez gain, beste hiru neurri hartu ditu Azpeitiko Udalak: azpiegituretako neurriak zorroztuko ditu, asteburuko ekintza guztiak bertan behera geldituko dira –goi mailako kirol ekintzak ikuslerik gabe egingo dira– eta eragileekin harremanetan jarriko dira ekintzak nola garatu aztertzeko. Jaurlaritzaren gomendioak ere bere egin ditu udalak, eta "arduraz jokatzeko" eskatu du.

Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan aplikatu beharreko neurriak zehaztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, eta gaur goizean, lehen orduan, Udal Gobernuko kideek bilera egin dute horren harira. Hain zuzen ere, aplikatu beharreko arauak aztertu dituzte bilkuran, eta COVID-19 gaitzaren hedapena murrizteko neurriak herrian nola hartu erabaki dute.

Bestalde, arauez gain, Azpeitiko Udalak bere egin ditu Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak; hau da, herritarrei gomendioak betetzeko eskatu die. Honako hauek dira gomendioak: beharrezko kasuetan soilik irtetea, etxekoekin bakarrik biltzea, ezinbesteko jarduerak soilik egitea eta egin beharreko jarduerak aire zabalean edo ongi aireztatutako lekuetan egitea.

Azpeitiko "datu kezkagarriak" aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako betebeharrez gain, beste hainbat neurri hartzea ere erabaki du Azpeitiko Udalak. Hauek dira neurriak:

  • Azpiegituretako prebentzio neurriak zorroztu.
  • Asteburuko ekintza publiko guztiak bertan behera gelditu; goi mailako kirol ekintzak ikuslerik gabe egingo dira.
  • Eragileekin harremanetan, ekintzak aztertu nola garatu zehazteko.

"Herri gisa arduraz jokatu eta 100.000 biztanleko 500 kasutik beherako tasara gutxienez ahal bezain azkarren jaitsi behar dugu; oso datu kezkagarriak ditugu. Datu horien atzean gaixorik eta etxean dauden izen-abizendun herritar ugari daude, kasu askotan, gaizki pasatzen ari dinerak", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Ardura kolektiborako deia egin du Alkortak, eta azpimarratu du herritar orok neurriak zorroztuz lortuko dela birusaren hedapena etetea.

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak

Era berean, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak zein diren gogorarazi du udalak:

  • Taberna eta jatetxeak 21:00etan itxiko dira eta ezingo dira 06:00ak aurretik ireki.
  • Merkataritza establezimenduak 21:00etan itxiko dira, elikagaiak dendak, gasolindegiak eta botikak izan ezik.
  • Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezingo dira erabili 21:00etatik 06:00etara.
  • Ezingo da alkoholik saldu 21:00etatik 06:00etara bitartean.
  • Tabernetan, barran ezingo da kontsumitu; mahaietan eta eserita bakarrik.
  • Ezingo da taldean kirolik egin. Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean.
  • Elkarte gastronomikoek eta txokoek itxita egon behar dute, eta gazteen lokalek ere itxita jarraituko dute.
Erlazionatuak