Koronabirusa Azpeitian

Neurri murriztaileak, bihartik indarrean

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 22a, 21:17
Azpeitiko plaza konfinamendu garaian. (Alex Berasategi)

Egoera epidemiologiko larria duten herrietan neurri murriztaileak ezartzea erabaki du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak. Azpeitia da herri horietako bat. Besteak beste, tabernek eta dendek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak eta ezingo da taldean kirolik egin.

Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan bihartik neurri murriztaileak ezartzea erabaki du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak gaur arratsaldean egin duen bileran. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibo edo gehiago izan dituzten herriei eragingo diete neurri horiek, semaforo gorria piztua dutenei, hain zuzen, eta horien artean dago Azpeitia, gaur 1.321,82ko intzidentzia tasarekin. Honakoak izango dira bihar, ostirala, indarrean sartuko diren neurriak: 

  • Tabernek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte zabaldu 06:00ak arte.
  • Merkataritza establezimendu guztiek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak, elikagaiak saltzen dituztenek, gasolindegiek eta farmaziek izan ezik.
  • Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezingo dira erabili 21:00etatik 06:00etara artean.
  • Eztablezimendu komertzialetan ezingo da alkoholik saldu 21:00etatik 06:00etara bitartean.
  • Tabernetan, barran ezingo da kontsumitu; soilik mahaietan eta eserita.
  • Ezingo da taldean kirolik egin. Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean.

Arau horiez gain, intzidentzia tasa altua duten herri horietako biztanleei beste hainbat gomendio ere eman dizkie Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak batzordearen ostean egin duen agerraldian. Honakoak dira gomendioak:

  • Egoera epidemiologiko larria duten herrietatik ez irteteko eta haietara ez sartzeko, ez bada lan, hezkuntza, osasun eta zaintza arrazoiengatik.
  • Etxe berean bizi direnekin bakarrik elkartzeko.
  • Ezinbestekoak ez diren jarduera oro bertan behera uzteko edo atzeratzeko.
  • Egin behar dituzten jarduerak, ahal den heinean, aire zabalean edo ondo aireztatutako guneetan egiteko.

Herri guztiei eragingo dieten neurriak

Joan den asteburuan Eusko Jaurlaritzak iragarri zituen beste hainbat neurri ere bihar sartuko dira indarrean, eta horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa guztian izango dute eragina. Honakoak dira neurriak:

  • Elkarte gastronomikoetan eta txokoetan ezingo da inolako jarduerarik egin.
  • Ostalaritzako establezimenduek 00:00etan itxi beharko dituzte ateak.
  • Jarduera guztietan edukiera erdira mugatu beharko da.

Neurri horiekin batera, talde bilerak hamar lagunetik seira murrizteko asmoa zuen Eusko Jaurlaritzak, baina azkenean, betebeharra beharrean gomendioa izango da hori, EAEko Auzitegi Nagusiak oinarrizko eskubideen kontrako jo duelako Jaurlaritzak ezarri nahi zuen neurria.

Momentuz, etxeratze agindurik ez

Bestalde, gaur arratsaldean bilera egin dute Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek pandemiari aurre egiteko neurri bateratuak aztertzeko. Etxeratze agindua ezartzeaz aritu dira bilera horretan, eta nahiz eta erkidego gehienak horren alde agertu diren, momentuz ez dute erabakirik hartu. Espainiako Gobernuaren ustez, etxeratze agindua ezartzeko ezinbestekoa da alarma egoera indarrean egotea, baina autonomia erkidego batzuk ez daude prest horretarako. Horregatik, legeak ematen dituen aukerak aztertzekotan geratu dira.

Onartu dutena izan da plan bateratu bat. Dokumentuan, autonomia erkidego guztietarako esparru bat ezartzen da, lau alerta maila, arriskua baloratzeko zenbait irizpide, eta maila bakoitzean har litezkeen neurrien zerrenda. Euskal Autonomia Erkidegoa ez da plan bateratu horrekin ados agertu eta abstenitu egin da, Madrilgo Erkidegoak egin bezala.