Koronabirusa Azpeitian

Goia jo dute positiboek Azpeitian, 35 kasu berrirekin

Julene Frantzesena 2020ko urr. 22a, 13:00
Azpeitiko plazako irudi bat.

Osasun Sailak orain arte egun bakar batean Azpeitia zenbatu duten kopururik altuena da, abuztuan egindako PCR masiboen egun haietako datuak salbuetsita. Azken zazpi egunetan 128 positibo detektatu dituzte. Azpeitiak 100.000 biztanleko 1.321,82ko intzidentzia tasa du azken hamabost egunak kontuan hartuta.

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik Azpeitian. Joan zen astean datuak kezkagarriak zirela eta, baheketa selektiboa egin zuen Osakidetzak herrian, baina hala ere, egoerak ez du hobera egin azken egunetan. Izan ere, atzo egindako PCR probetan, 35 lagunek eman zuten positibo.

Osasun Sailak orain arte egun bakar batean Azpeitia zenbatu duten kopururik altuena da, abuztuan egindako PCR masiboen egun haietako datuak salbuetsita. Dena den, Osasun Sailak ez ditu jakinarazten herriz herri egiten dituen testen kopuruak. Atzoko positiboen datuak ez du herenegungoaren zerikusirik: asteartean sei lagunek eman zuten positibo Azpeitian, eta atzo orduan baino 29 gehiagok. Azken zazpi egunetan 128 positibo detektatu dituzte.

Osasun Saila koloreak erabiltzen hasi zen joan zen astean, 5.000 biztanletik gorako positibitate tasak bereizteko, eta Azpeitia gorriz ageri da azken astebetean egunero kaleratutako txostenean. Hain zuzen ere, Azpeitiak 100.000 biztanleko 1.321,82ko intzidentzia tasa du azken hamabost egunak kontuan hartuta. Badira gorri kolorez ageri diren beste herri batzuk ere, hala nola Azkoitia, Zumaia, Urnieta, Ordizia eta Beasain.

Ikusteko dago zer neurri hartuko dituzten birusaren hedapena saihesteko. Gaur, osteguna, 18:00etan egingo du bilera babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertuko dute bilkuran, eta Azpeitia da baldintza horiek betetzen dituen herrietako bat. Bestalde, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak pandemiari aurre egiteko "elkarlana eta baliabideak" eskatu dizkie aldundiei eta Jaurlaritzari gaur Eudelek egingo duen batzordean.

Eskualdea gorri samar

Urola Kostan ere gora egin dute positiboek. Atzo gauzatutako PCR probetan 83 kasu zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostako herrietan. Azpeitiko 35 kasuez gain, Azkoitian 21 eta Zumaian hamazazpi atzeman ditu. Eskualdeko beste bost herritan ere detektatu zituzten atzo positiboak: Errezilen lau, Zarautzen hiru, eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen, berriz, ez dute kasurik zenbatu. 

Aipatzekoa da Errezilen positibo kopuruak izan duen gorakada; izan ere, azken zazpi egunetan 21 kasu detektatu dituzte herri horretan. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamabost egunetako intzidentzia tasa izugarria da: 4.299,36. Azkoitia ere Gipuzkoako positibitate tasa altuenetakoa duten herrien artean dago, 1059,3 baita tasa uneotan; eta Zumaian ere ikaragarri hazi da tasa hori azken egunetan: 1.068,7 da gaur-gaurkoz. Beraz, alarma gorria piztuta duten herriak bat baino gehiago dira Urola Kostan.

Milako langa pasatuta

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin zituzten atzo egun osoan zehar, eta guztira, 1.033 positibo zenbatu dituzte hiru lurralde horietan. Hau da, herritarren %7,7k eman zuten positibo proban. Mila positiboko langa gainditu dute hiru lurralde horietan, bigarren olatuan lehen aldiz.

Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan, baina lurraldeka nabarmenak dira aldeak. Atzo Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu genien beste behin (503 positibo), eta positibitate tasa 576,97ra igo da. Bizkaian, berriz, beste 423 positibo zenbatu zituzten atzo (338,54 da tasa), eta Araban 96 (311,62 da intzidentzia tasa). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 11 lagunek ere eman zuten positibo.

Atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak: atzo 339 lagun zauden hiru lurralde horietako erietxeetan, herenegun baino 11 pertsona gehiago. ZIUn, berriz, herenegun baino hiru lagun gehiago daude, 62.

Nafarroan, berriz, gauerditik indarrean dira hango gobernuak ezarritako neurri murriztaile berriak. Besteak beste, herrialde osoa konfinatu dute, eta ostalaritza ixteko agindua emana dago. Datuek, baina, okerrera egiten jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak emaniko behin-behineko datuen arabera, 586 positibo detektatu zituzten atzo, 3.651 test eginda. Horrenbestez, herritarren %16,1ek eman zuen atzo positibo Nafarroan.