Koronabirusa Azpeitian

32 positibo azaleratu ditu baheketa selektiboak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 19a, 16:49

Osasun Sailak oraintxe jakinarazi ditu joan den ostegunetik larunbatera asintomatikoak detektatzeko herrian egin zuten baheketa selektiboaren emaitzak. Guztira 2.297 lagunek egin zuten proba, eta horietatik 32k eman dute positibo; proba egin zuten herritarren %1,39k, alegia.

Ostegun eguerditik larunbat eguerdira bitartean asintomatikoak atzemateko herrian egin zuten baheketa selektiboaren emaitzak jakinarazi berri ditu Ignacio Garitano Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak. Haren esanetan, guztira 2.297 herritarrek parte hartu zuten baheketan, eta horietatik 32k eman dute positibo; proba egin dutenen %1,39k, hain zuzen.

Proba egitera 17 eta 40 urte arteko azpeitiarrak eta errezildarrak zeuden deituta, baina adin tarte horretatik kanpoko herritarrak ere joan ziren PCRa egitera. Garitanok ez du zehaztu datuak adin tarte horretako herritarrei dagozkienak diren edo proba egin duten herritar guztiei dagozkienak diren.

Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak baheketaren inguruko baliospen baikorra egin du. Haren hitzetan, "lorpen garrantzitsua da horrenbeste asintomatiko zirkulaziotik ateratzea, eta haiei eta haien ingurukoei jarraipena egitea". Konparazio bat egitearren, Azkoitian duela bi aste egin zuten baheketa selektiboan, 3.077 herritarrek egin zuten proba, eta horietatik 35ek eman zuten positibo; %1,13k hain zuzen.