Koronabirusa Azpeitian

Nagore Alkortak pandemiari aurre egiteko "elkarlana eta baliabideak" eskatuko dizkie jaurlaritzari eta aldundiei

Julene Frantzesena 2020ko urr. 22a, 07:21
Eudeleko batzorde berria eratu zuten eguneko irudia. (Eudel)

Gaur, osteguna, Eudelek egingo duen bileran informazioa elkarbanatzeko eta elkarrekin jarduteko eskaera egingo die jaurlaritzari eta aldundiei, EH Bilduko alkateen izenean. Azpeitiko alkatea ez ezik, Eudeleko presidenteordea da Alkorta.

Eudelek bilera egingo du gaur, osteguna, eguerdian, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Eudeleko presidenteordeak COVID-19aren pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko "elkarlana eta baliabideak" eskatuko dizkie Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei.

EH Bilduko alkateen izenean egingo du eskari hori Alkortak bileran; izan ere, horien arabera, udal askok "komunikabideen bidez" jakin dute pandemiak herrietan sortutako egoeraren berri, hau da, Eusko Jaurlaritzatik komunikazio zuzenik jaso gabe. "Gure herrietan baheketa bat egin behar izan denean, sarritan hedabideen bitartez izaten dugu horren berri. Gure udalerrietako datuen berri ere hedabideen bidez izaten dugu, nahiz eta semaforo gorria izan eta egoera larria izan".

Pandemia "gogor eragiten" ari dela, birusaren hedapena "izugarri" igo dela eta hainbat herriako osasun egoera "larria" dela adierazi dute Alkortak eta gainerako EH Bilduko alkateek, eta horien arabera, izurriteari aurre egiteko "ezinbestekoa" da erakunde guztiek eta gizarteak batera jardutea. "Udalek egiten duten lanak eraginkortasun handia du herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik. Baina herriari dagozkion neurririk egokienak hartzeko informazio osoa eta zuzena izan behar dute horiek", jakinarazi dute.

Gainera, osasun baliabideak modu partekatuan erabiltzeko eskatuko diote Jaurlaritzari. "Beharrezkoa da informazioa guztion artean partekatzea, dauden baliabideak guztion artean partekatzea, modu horretara eraginkorragoak izango garelako birusaren aurkako borrokan".

Hori horrela izanik, Eudeleko batzorde eragilera hiru eskaera zehatz eramango ditu Alkortak gaur. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei elkarlanean aritzeko kasuan "kontaktu zuzena" mantentzeko eskaera egingo die. Bestetik, udalei herri bakoitzeko COVID-19aren kutsatzeen inguruko "informazio zuzena" ematea galdegingo dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari: "Besteak beste kutsaduren jatorria non dagoen eta ikastetxeen egoera zein den adierazten duen eguneroko txostena". Horrez gain, aldundiei ere eskaera zehatz bat egingo diete EH Bilduko ordezkariek: udalerri bakoitzeko adinekoen eta desgaituen egoitzen egoera zein den adierazten duen eguneroko txostena ematea.