Azpeitiko kulturaren fabrika, bete-betean lanean

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kultur mahaiaren kooperatibak eta udalak 2019ko kultur jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur Sanagustin kulturgunean. Iazko ekitaldia "emankorra" izan dela adierazi dute. Sormena eta sortzaileen lana indartzera bideratutako ahaleginak nabarmendu dituzte, Dinamoaren irekiera erdigunean jarrita, eta herritarrek kultur emanaldiei eta egitasmoei erakutsitako atxikimendua eta sostengua eskertu dituzte.

Zinemarekin lotutakoak eta Soreasu antzokiko ohiko zinema emanaldiak zenbatu gabe, 55.000 ikus-entzuletik gora elkartu dituzten 205 ekitaldi eskaini zituzten iaz Kulturaz kooperatibak kudeatutako azpiegituretan. Horietatik ia %46 Kulturazek edo Kultur Mahaiko taldeek sustatutakoak izan ziren, eta bestelako eragileen eskutik etorri ziren gainerakoak. Diziplinen artean, musika emanaldiak eta hitzaren eremukoak –bertsoak, hitzaldiak, aurkezpenak, jardunaldiak...– ia parez pare ibili ziren kopuruetan. Eta herriko eragileak eta norbanakoak izan ziren protagonista ekitaldien erdian baino gehiagotan.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kultur mahaiaren kooperatibak eta udalak 2019ko kultur jardueraren balantzea aurkezteko prentsaurrekoan banatu duten txostenean jasotako datuen laburpena da aurrekoa. Baina kopuruez gain, iazko kultur jarduerak emandakoa baloratzeko bestelako egitasmoak, lan ildoak eta ardatzak nabarmendu nahi izan dituzte gaur eguerdian Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak, Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak eta Olatz Prat Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehendakariak. Hirurek nabarmendu dute, esaterako, Dinamoa sormen gunea martxan jartzea izan dela 2019ak utzi duen albiste nagusiena; eta Dinamoa denaz eta izan daitekeenaz hitz egin du Soreasuko sormen gunearen lehen urratsak gertutik ezagutzeko parada izan duen sortzaile batek, Iñigo Astizek.

Sormena, elkarlana eta herritarren sostengua

"Emankorra" izan da joan den urtea Kulturaz kooperatibarentzat, hala esan du Otamendik. "Geure buruari agindutako lan guztiak ez, baina nagusienak aurrera atera ditugula uste dugu". Kooperatibaren jardunaren "oinarrizko hirukoa" osatzen duten sormena, ikusgarritasuna eta transmisioa iazkoan ere beren jardunaren ardatz izan direla azaldu du, baina azpimarra berezia egin dio Dinamoa martxan jarri izanari. "2019ko kultur desafio nabarmenenetako bat" izan da hori Otamendirentzat, "Kulturazentzat bezala herriarentzat oro har". Dinamoa osatzen duten lau espazioak eta ardatzak –hitza, gorputza, irudia eta soinua–, erritmo eta martxa berarekin ez, baina "elikatzen" hasiak dira: "Lau ataletan egitasmoak lantzen ari gara, beti ere euskal kultura sustatzeko helburuarekin". Kultura "indartzea, zabaltzea, elkar banatzea" da, lehendakariaren hitzetan, Kulturazen "xederik behinena", Dinamoan bezala gainerako egitasmoetan; "oreka bilatzeko ahalegina" ere ez dute albo batera utzi nahi, izan diziplina artekoa, izan adin edota generoen artekoa.

Asmoak gauzatzeko bidean eta lanean herritarren partetik sumatzen duten aldekotasuna nabarmendu nahi izan du gaurkoan Otamendik. "Gustura eta oso eskertuta gaude egiten ari garenari gure komunitateak, herriak, urtez urte, egiten dion harrera eta ematen dion babesarekin. 2019a ere oso ona izan da alde horretatik. Uste dugu hein handi batean inguruan dugun jendarte hori bera dela eragile eta protagonista. Azpeitiko Kultur Mahaiaren proiektuaren autonomiari eta autofinantzaketa mailari eusteko, nahitaezkoa da antolatzen diren egitasmo eta ekitaldiei, eta eskaintzen diren zerbitzuei herritarrek erantzutea".

"Elkarlana eta parte hartzea sakondu, ehuntze lana indartu, autonomia ipar hartuta beti". Eredu hori lantzen ari da Kulturaz, lehendakariaren hitzetan, "hobetzeko eta egiteko asko" dutela jakinaren gainean. Kooperatibako langileen "profesionaltasuna eta militantzia" daude, Otamendiren aburuz, proiektuak bizi duen "onaldi honen oinarri-oinarrian", baina gaineratu du "eragileen eta norbanakoen babesik gabe alferrik" ariko liratekeela, bazkideak, herritarrak eta udala gogoan. "Dena dela, sortzaileen grinari eta asmamenari esker ez balitz, fabrika huts eta hotza litzateke kultura Azpeitian", erantsi du. "Kulturaren fabrika indartsu" ikusten du, ordea, Otamendik; eta "pozik" daude, horregatik, Kulturaz kooperatiban, 2020an ere "bide eder honetan aurrera" jarraitzeko gogoz.

Kulturgintzan dabiltzan herritarrei eta eragileei "eskerrak eman" ondoren, elkarlana eta parte hartzea goraipatu ditu Albizuk ere. 2019ko ekitaldien %75 inguru herritarrek antolatutakoak izan direla nabarmendu du Kultura batzordeburuak, "proiektu hau herritarren eta taldeen parte hartzean oinarritzen" dela berresteko: "Horrek erakusten du atxikimendu eta sostengu bat herriaren aldetik. Antolatzaile lanetan dabiltzanek ez ezik, ikus-entzuleek ere babestu dute hau. Esparru horretan ere nabarmendu da herritarren parte hartzeak gora egin duela, eta, batik bat, gazteenenak. Benetan pozgarria da hori". Kulturazek eta Kultur Mahaiak egindako lanari "aitorpen osoa" erakutsi nahi izan dio Albizuk udalaren izenean, baita "eredu hau, kultura ulertzeko eta bizitzeko modu hau babesteko eta sustatzeko konpromiso osoa" ere.

Dinamoarekin, Azpeitia "agertokien herria ez ezik, sormenaren laborategia ere" bihurtu dela nabarmendu du, eta sormen gunearen proiektuan udalak jarritako "indarrak eta baliabideak" aipatu ditu, udal aurrekontuetan kulturari eskainitako partidak "gero eta garrantzi handiagoa" duela gogoratu aurretik: "Badira urte batzuk kulturara bideratutako inbertsioa hazten ari dela, hain zuzen, guretzat estrategikoa delako; eta aurtengoan ere, %18 igo da partida hori, 2019arekin alderatuz gero. 2016tik hona, berriz, %43,8 hazi da".

Dinamoa hizpide izan du Pratek ere. 2013an, Kultur Mahaiak finkatu zituen lan ildoek sormena eta transmisioa indartzea zituzten ardatz. 2015ean osatu zuten herriko kulturaren argazkian, ordea, "sormenean hutsune bat" sumatu zuten, eta hutsune horri erantzutera dator, hain zuzen ere, Dinamoa "proiektu paregabea". Kultur Mahaiaren lehendakariak "osasuntsu eta martxa onean" ikusten du kultur dinamika Azpeitian, "zer hobetua beti" dagoen arren. Helburuak eta norabidea "argi" dituztela dio, ordea: "Argi dugu zertan ari garen eta nora joan nahi dugun, gustura egoteko moduan gaude". 2019an Sanagustinen eta Soreasun egin ziren 205 ekitaldien laurden bat Kultur Mahaiko kideen eskutik egin zirela nabarmendu du Pratek, baina "kantitatean baino, kalitatean" jarri nahi izan du arreta, "hartzaileak eta sortzaileak zaintzea" garrantzitsua dela iritzita.

Sorkuntzaren erdigunean

Iñigo Astiz idazleak eta kazetariak kanpoko begirada eraman du gaurko agerraldira, Azpeitiko kultur dinamika kanpotik nola ikusten eta jarraitzen den azaldu du, eta batik bat, abiatu berri den Dimanoaren proiektuak eragiten dizkion gogoetak plazaratu ditu. Hitzaren Eskolarekin ireki zituen ateak Dinamoak joan den irailean, eta egitasmo horren barruan hitzaldia ematen izan zen lehen aldiz Astiz Azpeitiko sormen gunean; Mikel Aierberekin batera, poesia ikuskizuna estreinatu zuen Dinamoan bertan urrian; eta Dapa ikus-entzunezkoen sortaren protagonistetako bat izan da, gero. Dinamoaren hasierako urratsak gertutik jarraitu ditu, beraz. Ultzamakoa da Astiz. Ultzamarrek "fanfarroi fama" dutela esan du, "eta azpeitiarrek ere bai, antza". Haatik, azpeitiarren "harrotzeko motiboak" areagotzeko beldurrik gabe aritu da, mapa geografikoetan ez bezala, kulturaren euskal mapan Azpeitia "erdigunean" kokatu baitu, herrian "harro egoteko moduko eredua" garatzen ari direlako.

Zentro bat zerk egiten duen zentro, horren gainean aritu da gaur Sanagustinen Astiz, Azpeitia eta Dinamoa kultur mugimendu baten erdigunean kokatu arte. "Gure herrian mugakideak dira periferiak eta erdiguneak: milimetro gutxi batzuetako distantziara daude elkarrengandik bi kontzeptuak. Nahikoa da, adibidez, inguru geografiko berean hiru musika talde esanguratsu biltzea, edo bi artistaren arteko elkarrizketa sakon eta zintzoa sortzea, inguru geografiko hori kultur erdigune bilakatzeko". Hala ere, Astizentzat, geografia baino "igurtzia" da klabea, kultur munduan, zentro bat zentro bihurtzeko: "Kultur gune bakoitzean sortzen diren sortzaileen arteko loturak dira benetan kultur gune baten bihotza. Eraikitzeko gai den sorkuntza sareak bezainbeste balioko du sorkuntza gune batek". Sorkuntza sareak sortzeko "oso garrantzitsua" da, Astizen aburuz, sorkuntza espazio batek sortzaileei egiten dien "harrera". Lekua eta denbora garrantzitsuak direla esan du; eta garrantzitsua dela, era berean, sorkuntza espazioak "leku hori eta denbora hori eskaintzeko duen modua".

Bere esperientziatik abiatuta, horrexegatik iruditzen zaio "aberatsa" eta "ikaragarria" Dinamoa. "Denborak, espazioak, jakintzak eta harrerak, horrek guztiak egiten du leku hau berezi. Horrek sortuko du sortzaileen arteko konexioa, ez baldin badu dagoeneko sortu, eta horrek egingo du benetan sorkuntza zentro hau benetan zentro; autopistetako norabide nagusien bazterrean, eta, halere, sorkuntzaren erdigunean".

Datu batzuk

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide