Hitzaren Eskolarekin ireki ditu ateak Dinamoa sormen guneak

Uztarria.eus 2019ko ira. 13a, 13:40

Martxan da Dinamoa sormen gunea, eta martxan da Hitzaren Eskola. Joan den asteazkenean, hilak 11, ekin zioten Dinamoko hitzaren eremuko proiektu ardatzari, Hitzaren Eskolari, eta egitasmoaren lehen eguna izanik, bertan izan ziren Dinamoaren arduradunak, Hitzaren Eskola gidatuko duten eta bertan parte hartuko duten lagunak nahiz Kultur Mahaiko lehendakari Olatz Prat eta Udaleko Kultura Batzordeburu Eneritz Albizu. 

Gorka Arresek gidatuko ditu saioak Hitzaren Eskolan, eta sormena nahiz kultur transmisioa izango dira ikastaroaren zutabeak. Egitasmoaren sustatzaileen helburua da tradizioa berritzea, batetik; eta berria tradizio baten barruan txertatzea, bestetik. Dinamoko arduradunen hitzetan, hitza bera "ardatzean jarrita" egin nahi dute eskola: "Ez diziplina bat bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea". Besteak beste, Lorea Agirre, Irene Arrarats, Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Miren Gaztañaga arituko dira irakasle lanetan Hitzaren Eskolan, bakoitza hitzaren adierazpide batetik. Hitzaren Eskolan izena eman duten lagunak sei hilabetean asteazkenero eta larunbatero elkartuko dira Dinamoa sormen gunean, hitzaren bueltan hausnartzeko, ikasteko eta "hitzen ertzetan" sakontzeko.

Dinamoa, "hartu-emanerako gunea"

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, joan zen asteazkeneko hitzordua Hitzaren Eskolako aurreneko saioa izateaz gain, "Soreasuko sormen gunea betetzeko eta bizia ematen hasteko" lehen eguna izan zen. "Lehenak zarete gune honetan sorkuntzan hasten. Pixkanaka joango gara gune honi bizitza ematen, proiektu eta sortzaileen erritmora", adierazi zuen Albizuk. Horrez gain, sormen gunearena "urte askotako lana" izan dela azpimarratu zuten Albizuk eta Pratek, eta bertan egindako lana "txalotu eta eskertu" nahi izan zuten. Era berean, balioa eman zioten eraikina bukatzeko eta kultur azpiegitura gisa egokitzeko egindako lanari. "Kultur Mahaiak, sortzaile norbanakoek eta Udalak elkarrekin egin dugu orain arteko ibilbidea, norabide berean eta horren emaitza da hau. Egiteko moduak aldatzen ari dira, taldeetan ez ezik, bakarka eta proiektuka ere asko funtzionatzen da kulturgintzan, eta horientzat guztientzat lekua izango da Dinamoa", azpimarratu zuen Pratek. Horrez gain, sormen gunea "hartu-emanerako gunea" izango dela esan zuen Kultur Mahaiko lehendakariak. Albizuk, bere aldetik, azpimarratu zuen Dinamoak sormena "erdigunean" jarriko duela: "Azpeitian kultur azpiegitura ugari ditugu, kultura erdigunean jarri da, baina orain artean agertokiei eskaini zaie espazioa, sormen prozesuaren azken faseari, alegia. Dinamoa sormen gunearekin, sorkuntza prozesua bera jarriko da erdigunean. Zikloa osatzera dator”.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)