Xanti Rodriguezen 'Lekaime' film laburra, sarean ikusgai

Uztarria.eus 2020ko mar. 31a, 20:13

Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrak sarean jarri du ikusgai Lekaime film laburra. Ez da edonolako lana azpeitiarrak gaur Interneten doan zabaldu duena, eta horretaz jabetzeko ikus-entzunezkoaren ibilbideari erreparatu besterik ez dago.

2018ko urrian aurkeztu zuen Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrak Lekaime izeneko film laburra, Sitgesko (Bartzelona, Katalunia) Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 51. edizioan. Azpeitiarrak idatzi, ekoiztu eta zuzendu zuen, besteak beste, magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra, fantasia eta beldurrezko generoak uztartzen dituena. Sitgesen estreinatu ostean, Azpeitian aurkeztu zuen Lekaime Rodriguezek, Soreasu antzokian. Herritarrek harrera beroa egin zioten azpeitiarraren lanari, eta jende ugari bertaratu zen emanaldira. Baina Lekaimeren ibilbidea ez zen orduan bukatu. 2019an hainbat izan ziren film laburrak lortutako izendapenak. 

Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatako sail ofizialetarako hautatu zuten Lekaime, baita South Europe International Film Festival eta Beeston Film Festivalerako ere. Hori ez ezik, Euskarazko film laburrik onenaren saria jaso zuen Eibarko Asier Errasti jaialdian. Veracruz Short Film jaialdian, aldiz, irudi onenaren saria jaso zuen.  

Hona hemen film laburra, osorik.