'Lekaime' film laburra South Europe International Film Festival jaialdirako aukeratu dute

Uztarria.eus 2019ko mar. 9a, 12:54
Oihana Maritorena aktorea eta Xanti Rodriguez zuzendaria, ‘Lekaime’ filmaren grabazioan. (Xanti Rodriguez)

Xanti Rodriguez zinemagile azpeitiarraren 'Lekaime' film laburra Valentziako (Herrialde Katalanak) zinema jaialdirako hautatu dute. Martxoaren 4tik 11ra bitartean emango dute film laburra. "Pozik" azaldu da zuzendaria.

Xanti Rodriguez zinemagile azpeitiarrak beste berri on bat jaso du; izan ere, hark idatzitako, ekoitzitako eta zuzendutako Lekaime film laburra South Europe International Film Festival jaialdirako hautatuen artean dago. Jaialdi horren barruan, lau ekitaldi izan ohi dira: Londresen, Varsovian, Bruselan eta Valentzian (Herrialde Katalanak). Valentziako saioa lehen aldiz antolatu dute aurten, eta jaialdi horretarako aukeratu dute Lekaime. Maiatzaren 4tik 11ra bitartean egingo dute jaialdia, baina antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu noiz emango duten azpeitiarraren film laburra. Rodriguez "pozik" azaldu da haren lana huatatu dutelako: "Hor egotea bera nahikoa iruditzen zaigu, irabaztea bigarren mailakoa da. Aukeratua izatea bera arrakasta handi bat da". 

Magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra da Lekaime. Fantasia eta beldurrezko generoak uztartzen ditu lanak, eta hainbat izendapen jaso du azkenaldian. Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten lehen aldiz, eta euskarazko film laburrik onenaren saria jaso zuen Eibarko Asier Errasti jaialdian. Gainera, Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatako sail ofizialetarako hautatu zuten film laburra.