Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatako sail ofizialetarako hautatu dute 'Lekaime' filma

Uztarria.eus 2019ko urt. 11a, 13:43

Indiako 3rd Chhatrapati Shivaji International Film Festivaleko sail ofizialean lehiatu da Lekaime abenduan, eta egunotan Uruguain egiten ari diren Nox FilmFest jaialdiko sail ofizialeko hautagaietako bat da film laburra. Sitgeseko Fantasiazko Zinema Jaialdian ikusi zuen argia Xanti Rodriguezek zuzendutako lanak; Azpeitian ere aurkeztu zuen urrian.

Xanti Rodriguezek zuzendutako Lekaime filmak aipamenak eta hautagaitzak pilatzen jarraitzen du. Sitgeseko Fantasiazko Zinema Jaialdian lehiatu eta Eibarko XIX. Asier Errasti film laburren jaialdian euskarazko lanik onenaren saria jaso ostean, bi nazioarteko bi jaialditan hautatu dute azpeitiarrak ekoiztutako lana. Hain zuzen ere, Indiako 3rd Chhatrapati Shivaji International Film Festivaleko sail ofizialean lehiatu da Lekaime abenduan, eta aste honetan jakinarazi diote Rodriguezi hautagaien artean izan dela berak egindako lana. Gainera, egunotan Uruguain egiten ari diren Nox FilmFest jaialdiko sail ofizialeko hautagaietako bat da film laburra.

40. hamarkadan kokatzen da Lekaime, eta Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta lana. Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Grabaketa lanak Azpeitiko eta inguruetako zenbait txokotan egin zituzten, hala nola Esklabetan, Zelatunen, Ezkuztako harrobian eta Madariagan. Oihana Maritorena, Amaia Lizarralde eta Asier Hernandez aktoreak dira azpeitiarrak zuzendutako film laburreko protagonistak. Joan zen urrian aurkeztu zuen Rodriguezek lana etxean, Soreasu antzokian.

Filma Azpeitian aurkeztu bezperetan honako bideo elkarrizketa hau egin zion Uztarria.eus-ek Rodriguezi: