Argazki jendetsua, urtarrilaren 30eko greba orokorra babesteko eta herritarrak mobilizatzera deitzeko

Uztarria.eus 2020ko urt. 23a, 21:16

Azpeitiko Greba Batzordeak deituta, jende ugari elkartu da gaur, osteguna, Azoka Plazan argazki jendetsua atera eta urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorrari babesa agertzeko. Adin eta arlo ezberdinetako azpeitiarrek egin dute bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitu duen greba orokorrarekin, eta horri babesa agertu ez ezik, herritarrei dei egin diete hilaren 30ean mobiliza daitezen. Era berean, babesa agertu diete Greba Batzordeak antolatutako nahiz sustatutako ekimenei. Hiru ardatz hartuta deitu dute hilaren 30eko greba orokorra: lana, pentsioa eta eskubide sozialak. Zaintza greba ere izango da.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta eragile sozial ugarik babestu dute urtarrilaren 30erako deitutako greba, eta Azpeitian ere hainbat izan dira deialdiarekin bat egin duten taldeak. Esaterako, pentsiodunen talde batekAzpeitiko ELA eta LAB sindikatuetako langileen ordezkariek nahiz Azpeitiko Udalak bat egin dute greba orokorrarekin –Azpeitiko EAJk ez du greba babestu–. Gazteek ere atxikimendua agertu nahi izan diote hilaren 30eko deialdiari, eta horretarako gazteen argazkiz osatutako mosaikoa osatzen dabiltza. Eragile horietako nahiz beste batzuetako norbanakoak elkartu dira gaurko agerraldian, eta ateratako argazki jendetsuarekin herritarrei dei egin nahi diete urtarrilaren 30ean greba egin, eta kalera atera daitezen. 

 "Garaia da azken urteotan kendu diguten guztia berreskuratzeko, eta lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko. Guri dagozkigun erabakiak geuk, hemen, erabaki nahi ditugu", adierazi dute Azpeitiko Greba Batzordeko kideek. Horrez gain, azpimarratu dute "neoliberalismo basatiak inposatzen dituen bizi baldintzak" gaitzesten dituztela, eta horren aurrean "bestelako eredu sozio produktibo bat" defendatzen dutela, "bizitza erdigunean jartzen duena, zaintzari dagokion aitortza ematen diona eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emango diona", hain zuzen. Alternatibak badaudela diote, eta horregatik mobilizatuko dira: "Gobernu eta instituzioetatik aldaketak egiteko prest ez badaude, guk behartuko ditugu. Beraz, langileok, langabetuok, pentsiodunok, etxeko langileok, ikasleok, irakasleok, merkatariok... indarrak batu, eta mobilizatzera goaz".

Urtarrilaren 30erako Azpeitiko egitaraua

Hona hemen Azpeitiko Greba Batzordeak hilaren 30erako prestatutako mobilizazioen eta ekintzen egitaraua, osorik:

07:00etan, kotxe karabana eta pikete informatiboak. 

09:00etan, manifestazioa, Azpeitiko plazatik abiatuta. 

12:30ean, manifestazioa, Donostian. Hara joateko kotxeak antolatuko dituzte. 

16:00etan, kafe tertulia, Azoka Plazan. 

18:00etan, manifestazioa, plazatik hasita. 

Zaintza zerbitzua

Greba Batzordeko kideek zaintza gunea jarriko dute urtarrilaren 30eko greba orokorrean Azoka Plazan, "ume zein helduen zaintzaz arduratzen direnek ere egitasmoetan parte hartu ahal dezaten". Zaintza zerbitzua erabili nahi dutenei aurrez izena emateko eskatu diete, gutxieneko zerbitzua emateko zenbat kide beharko diren jakiteko. Zaintza zerbitzua erabili nahi duten lagunek mezu bat bidali beharko dute azpeitikogrebabatzordea@gmail.com helbidera, gaian 'Zaintza" idatzita. Mezu horretan adierazi beharko dute zaintza zerbitzuan zaindu beharreko pertsonak zenbat urte dituen eta hura zer ordutatik zer ordutara egongo den gunean. 

Goizeko zaintza zerbitzua 06:45ean hasiko da, eta 11:00-11:30ean bukatu, 07:00etarako kontxe karabanara joan eta 09:00etako manifestazioan parte hartu nahi dutenentzat. Arratsaldean martxan jarriko dute berriro. 16:00etan Azoka Plazan kafe tertulia izango de arren, nahi edo behar duenarentzat zaintza zerbitzua eskainiko dute, 16:00etatik 18:00etara arte.