Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egitera deitu du herriko hainbat eragilek

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 19:44
Azpeitiko Greba Batzordea, gaur, Sindikatu Zaharrean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrera deitu du urtarrilaren 30erako. Lana, pentsioa eta eskubide sozialak dira aldarrikapenaren hiru oinarri nagusiak. Azpeitian Greba Batzordea sortzeko herriko hainbat eragile, sindikatu eta norbanako elkartu dira. Herritarrak mobilizatzera deitzearekin batera, greba bera babestuz argazki jendetsu bat aterako dute urtarrilaren 23an, Azoka Plazan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hilaren 30erako deitu duen greba orokorra sustatzeko, Azpeitian Greba Batzordea osatu dute hainbat eragilek, sindikatuk eta norbanakok. Greba Batzordeak gaur agerraldia egin du eta mobilizazio horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Hiru ardatz hartuta deitu dute mobilizazioa: lana, pentsioa eta eskubide sozialak. "Oinarri horiek bermatzeko, Karta Sozialak egin duen aldarrikapen taula geure egiten dugu. Eskubidea dugu eta lortu arte, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal nahiz patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka borrokan jarraituko dugu", azaldu dute agerraldian.

"Sistemaren aldaketa errradikala bultzatzeko eta ofentsibara pasatzeko" mobilizazio erraldoi gisa irudikatu du Greba Batzordeak urtarrilaren 30eko greba orokorra: "Argi daukagu sistema berri baten beharra daukagula. Sistema horrek gutxi batzuen aldeko eta gehiengo sozialaren kontrako logikarekin apurtu behar du, eredu sozioekonomiko alternatibo bat eskainiz, zaintza eta bizitza erdigunean jarriz".

Aldaketa hori bideratzeko "denen beharra" dagoela aldarrikatu dute. Horregatik, greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak: "Mobilizatzea beharrezkoa da aldaketa denon artean bideratzeko. Presioa egitea beharrezkoa da patronalak eta instituzioek gure eskaeren aurrean amore emateko".

Hilaren 30erako deitutako greba orokorra 24 ordukoa dela gogorarazi du Greba Batzordeak. "Enplegu, zaintza eta kontsumo greba da. Horrez gain, pentsiodunak, ikasleak eta langabetuak ere mobilizazioarekin bat egitera deitzen ditugu". Zaintza grebari lotuta, ezinbesteko zaintza lanak bermatzeko, gutxieneko zaintza zerbitzuak "kolektiboki" antolatzeko asmoa azaldu du Greba Batzordeak: "Urtarrilaren 30ean zaintza eta atseden gunea jarriko da egun osoan zehar Azoka Plazan". Kontsumo grebaren baitan, greba feministak sustatuta, kontsumoaren inguruko gogoeta ere bultzatuko dute mobilizazioaren egunean.

Greba babesteko argazkia, urtarrilaren 23an

Greba orokorra babesteko eta jendea grebarekin bat egitera "animatzeko", argazki erraldoira deitu ditu herritarrak Azpeitiko Greba Batzordeak. Urtarrilaren 23an, osteguna, aterako dute argazkia, 19:00etan, Azoka Plazan.