Urtarrilaren 30erako greba deialdiari atxikimendua adierazi dio Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2020ko urt. 16a, 21:50

EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako mozioa onartu zuten astearteko udalbatzarrean, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu eta beste mozio bat aurkeztu zuen, pentsioen sistema publikoaren alde eta greba deialdiaren kontra; atzera bota zuten hori EH Bilduren gehiengoaren botoek.

Azpeitiko Udalak babesa eta atxikimendua adierazi dizkio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek urtarrilaren 30erako deitu duten greba orokorrari. Lan-pentsio-bizitza duinak leloarekin egin dute grebarako deialdia. Astearteko udalbatzarrean, EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako mozioa onartu zuten, gehiengo osoa duten gobernukideen aldeko eta oposizioan dagoen EAJren kontrako botoekin. Astearterako iragarritako lan zerrendan ez zegoen arren, azken orduan EAJk gaiaren inguruan aurkeztutako beste mozio bat ere bozkatu zuten udalbatzarrean. Pentsioen sistema publikoaren defentsan izenburuarekin aurkeztu zuten mozioa jelkideek, baina horrekin batera U30eko grebaren aurkako jarrera adierazi nahi izan zuten (Uztarriaren Komunitatean eman dituzte azalpenak). Mozio horrek EAJren udal taldekideen babesa besterik ez zuen jaso, eta EH Bilduren zinegotzien kontrako botoekin, atzera bota zuten.

Hau da udalak onartutako mozioaren edukia:

"Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu.

Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan 'planto' egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko.

Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direla. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.

Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).

Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat eginda, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu. Azpeitiko Udalak:

  1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi dio.
  2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie erakundeko langileei.
  3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin bateraadostu duen Adarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik:

           - Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:

  • 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsioen murrizketak indargabetzea.
  • Zapateroren eta Raxoiren lan erreformak bertan behera uztea.
  • Presazko izaeraz, Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitzea.

           - Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
  • Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiarazi ditzatela.
  • Estatu mailako hitzarmenen gainetik, hitzarmen kolektiboen ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko sustapen lana egin dezatela.
  • Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
  • Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europako Batasunekoekin parekatu arte, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.
  • Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.

           - Erkidego eta lurraldeetako gobernuei eskatzen die:

  • Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala eta pentsio arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
  • Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioetako iruzurra zigortzea.
  • Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiaraztzea Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
  • Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
  • Kontratazioan, sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
  • Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.

       4. Azpeitiko Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie".

Arduraldi partzial berria

Herenegungo udalbatzarraren lan zerrendan jasotako gainerako gai guztiak aho batez onartu zituzten udalean ordezkaritza duten bi talde politikoetako ordezkariek.

Horrela, 2017an iragarri eta duela bi urte hitzartutako alokairu sozialeko etxeak egin ditzan, Esklaben komentuaren erdiaren doako lagapena egingo dio udalak Eusko Jaurlaritzari.

Egoitz Arruti Kiroletako batzordeburuak aurrerantzean %30eko aldi baterako arduraldi partziala edo liberazioa izatea ere onartu zuten osoko bilkuran, Kirol Plangintza berria dela eta "lan karga uste baino gehiago handitu" zaiolako; 10.626,56 euroko soldata gordina izango du urtean.

Udalaren lanpostu zerrendan egongo diren zenbait aldaketari ere argi berdea eman zieten herenegun, zerrenda jasotzen duen "dokumentuaren eta errealitatearen artean ahalik eta parekotasun handiena egoteko", Nagore Alkorta alkateak azaldu zuenez. Brigadako lanpostuak finkatzeko oposaketa prozesuaren amaierarekin lotutakoak dira lanpostuen zerrendan jaso dituzten aldaketa gehienak. Gizarte langileen eta Kirol arduradunen soldata baldintzen aldaketak ere jaso dituzte, baita udalaren komunikazio lanak egiteko aldi baterako lanpostu berria ere.