Zabalik da greba orokorreko zaintza zerbitzurako izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Greba Batzordea | Ekonomia
2020ko urt. 17a, 12:06

Azoka Plazan izango da zaintza gunea  Ikusi haundiago | Argazki originala

Prentsaurrekoan adierazi genuen bezala, Greba Batzordeko kideok zaintza gunea jarriko dugu urtarrilaren 30eko greba orokorrean. Izan ere, zaintza greba ere egingo da egun horretan, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditugu, ume zein helduen zaintzaz arduratzen direnek ere egitasmoetan parte hartu ahal dezaten. Zaintza zerbitzua erabili nahi dutenek aurrez izena eman dezaten eskertuko genuke, gutxieneko zerbitzua emateko zenbat kide egongo diren jakin dezagun. Horretarako, idatzi azpeitikogrebabatzordea@gmail.com helbidera, gaian "zaintza" idatzita. Bertan adierazi beharko duzue zaindu beharrekoak zenbat urte dituen eta hura zer ordutatik zer ordutara egongo den zaintza gunean. 

- Goizeko zaintza zerbitzua 06:45ean hasiko da, eta 11:00-11:30ean bukatu, 07:00etarako kontxe karabanara joan eta 09:00etako manifestazioan parte hartu nahi dutenentzat.

- 16:00etan, kafe tertulia egingo dugu, eta han ere zaintza zerbitzua eskainiko dugu, 16:00etatik 18:00etara arte. 

Azoka Plazan jarriko dugu zaintza gunea, eta aurrez izena emanda egonez gero, nahikoa da bertara agertzea. Horrez gain, atseden gunea ere Azoka Plazan jarriko dugu, ekintza batetik besterako tarteetan, horietan parte hartzen duten kideek atseden hartzeko aukera ere izan dezaten. 

Eta gogoratu, urtarrilaren 23an, ostegunez, Azoka Plazan argazki jendetsua aterako dugu 19:00etan, grebari babesa erakusteko. Agertu eta zabaldu mezua!

Urtarrilak 30, greba orokorra!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu