Herriartekoaren finala 1-2 galdu du Azpeitiak Astigarragaren kontra

Uztarria.eus 2019ko eka. 29a, 21:55

Ilunpeko pilotariek ezin izan dute Gipuzkoako Herriartekoa bosgarrenik erreskadan etxeratu. Astigarragaren kontra 1-2 galdu du finala Azpeitiak gaur arratsaldean Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Gipuzkoako Herriarteko eskuzko pilota txapelketaren finala 1-2 galdu du Azpeitiak Astigarragaren kontra. Hala, ezin izan dute Ilunpeko pilotariek jarraian bosgarren garaipena izango zena etxeratu. Ilunpeko Egiguren eta Elosegi kadeteek 17-22 galdu dute Astigarragakoen kontra. Ondoren, Alberdi eta Larrañaga jubenilek, 22-11 irabazita, finala lortzeko itxaropena sortu dute Azpeitiko pilotazaleen artean. Seniorretan, ordea, Apezetxeak eta Murgiondok ezin izan dituzte mendean hartu Astigarragakoak, eta 17-22 galdu dute.

Donostiako Atano III.a pilotalekua leporaino bete da pilotazalez. Azpeititik zortzi autobus joan dira jendez beteta, eta azpeitiarrek giro bikaina jarri dute frontoian. Ilunpekoak galtzen ala irabazten joan, kantuan eta pilotariak bultzatzen aritu dira, batik bat errebote gaineko harmaila hartu duten gazteenak. Bukaeran, Astigarragaren garaipena kiroltasun osoz txalotu dute azpeitiarrek, eta bi zalegoen arteko aitortza keinuak eta aho batez kantatutako doinuak nagusi izan dira.

Azpeitiak iaz zazpigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia; izan ere, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da. Aurten bolada bikain hori luzatzea zen Ilunpekoen asmoa, baina ezinezkoa izan da segidako bosgarren garaipena katigatzea. Hurrengo urtean saiatu beharko berriro.