Bihar, asteartea, izango da goi mendizaletasuna sustatzea xede duen Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko azken eguna. Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte proiektuak parte-hartzaileek, eta aurrerago hartuko du erabakia hainbat adituk osatutako epaimahaiak. Urtero legez, irabazleak proiektua garatu ahal izateko 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du.
Aurtengo deialdiko proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira: egin nahi den jardueraren kalitatea; entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna; partaide kopurua, jardueraren iraupena eta zabalkundea; jardueraren finantzazioa; jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza baliabideak; kirol eta gizarte arloan jarduera horrek duen interesa; antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea; eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.
Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenezko beka deialdia; 2001ean banatu zuten sustatzaileek aurreneko beka. 2016an inflexio puntu bat bizi izan zuen bekak, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen diru-laguntza, "inguruotako mendi zaletasuna ikertzeko eta hori sustatzeko" helburuarekin. Horren ostean, 2017an, indarberrituta egin zuten beka deialdia.
Joxe Takolo beka jaso dutenak
2001: Pumori.
2002: Nanga Parbat 2002.
2003: Elurretako leopardoa.
2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.
2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.
2006: Hutsik gelditu zen beka.
2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.
2008: Marokon eskalada.
2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.
2011: Hutsik gelditu zen beka.
2012: Circo de las inescanables.
2013: Hutsik gelditu zen beka.
2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.
2015: Incognita Patagonia 2015.
2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.
2017: Nun Dago Nun.
2018: Drangnag-era espedizioa.