Hautagaitzak pilatzen jarraitzen du 'Lekaime' filmak

Uztarria.eus 2019ko mar. 12a, 09:56
'Lekaime' filmeko irudia.

Erresuma Batuko Beeston Film Festivaleko sail ofizialean lehiatzeko aukeratu dute Xanti Rodriguezek ekoiztutako eta zuzendutako film laburra. Ez da film jaialdi baterako hautatzen duten lehen aldia; joan zen astean, adibidez, South Europe International Film Festival jaialdirako hautatu zutela jakin zuen azpeitiarrak.

Lekaime film laburrak hautagaitzak pilatzen segitzen du: joan zen astean jakin zuen lanaren zuzendari Xanti Rodriguezek Lekaime South Europe International Film Festival jaialdirako hautatu zutela, eta astea hastearekin, Beeston Film Festivalerako aukeratu dute azpeitiarraren ikus-entzunezkoa. Erresuma Batuan egiten duten film laburren jaialdia da Beeston, eta hango sail ofizialean sartu dute Lekaime, beste 74 film laburrekin batera. Martxoaren 15ean emango dute filma jaialdian.

Magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra da Lekaime. Fantasia eta beldurrezko generoak uztartzen ditu lanak, eta hainbat izendapen jaso du azkenaldian. Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten lehen aldiz, eta euskarazko film laburrik onenaren saria jaso zuen Eibarko Asier Errasti jaialdian. Gainera, Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatako sail ofizialetarako hautatu zuten film laburra.