Oraindik eman daiteke izena emakumeentzako Jabetze Eskoletan

Uztarria.eus 2019ko ots. 4a, 14:44

Ikastaroetan parte hartzeko plazak gelditzen direnez, berriro ireki dute Jabetze Eskoletarako izen-ematea. Antzerki eta sabel dantza tailerrak, autodefentsa feminista eta ekonomia feminista ikastaroak nahiz atoestimua eta ahalduntzea lantzeko saioak eskainiko dituzte aurtengo Jabetze Eskoletan. 

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatutako Emakumeen Jabetze Eskoletan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik. Hasiera batean izena emateko azken eguna otsailaren 1a izango zela jakinarazi bazuten ere, Jabetze Eskoletako ikastaroetan plaza hutsak daudela ikusita ireki dute izen-ematea berriro. Aurten bost ikastaro eskainiko dituzte ekainera bitartean. 

Ekonomia feminista tailerraGeneroak duen dimentsio sozioekonomikoa landuko dute ikastaroan, Marina Sagastizabalen eskutik. Martxoaren 15ean eta 16an izango da ikastaroa, eta zortzi orduko iraupena izango du. Ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta zapatuan 09:00etatik 13:00etara eskainiko dute tailerra.  

Sabel dantza ikastaroa: otsailaren 7tik maiatzaren 16ra, ostegunetan eskainiko dute ikastaroa, 18:30etik 20:00etara. Jaione Albeniz izango da irakaslea. Hemeretzi ordu eta erdiko iraupena izango du ikastaroak, eta 29,25 euro ordaindu beharko da. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 19,50 euro ordaindu beharko dituzte. 

Autodefentsa feminista tailerra: Indarkeria mota ezberdinen aurrean kontzientzia hartzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita erasoen aurrean erantzuteko estrategien gaineko hausnarketa egin ere. 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Alaitz Mañesek eskainiko du tailerra, otsailaren 16an, larunbatez. Zortzi orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bi zatitan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Doakoa izango da. 

Autoestima eta ahalduntze ikastaroa: Emakumeen autoestimaren eraikuntzan sakonduko dute tailerrera animatzen diren emakumeek. Hain zuzen, "autoezagutzarako baliabideak eta gaitasunak" ezagutuko dituzte. Martxoaren 27tik maiatzaren 29ra, asteazkenetan, egingo dituzte saioak, 15:00etatik 17:00etara. Orotara, 18 orduko iraupena du tailerrak, eta 27 euro ordaindu beharko da izen-ematea. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 18 euro ordaindu beharko dituzte. 

Antzerki tailerraAlaitz Olaizolak eskainiko du ikastaroa, otsailaren 5etik maiatzaren 14ra, asteartetan, 18:00etatik 19:30era. Izen-ematea 29,25 euro ordaindu beharko da. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 19,50 euro ordaindu beharko dituzte. Olaizolak urteak daramatza Azpeitian emakumeentzako antzerki ikastaroak eskaintzen. Haren aburuz, antzerkia "bizitzarako erreminta" da, baita emakumeak ahalduntzeko tresna ere. Dinamika ezberdinak erabiliz "jolastea eta sormena lantzea" du helburu Olaizolak gidatuko duen tailerrak. Horretarako, besteak beste, jolasak, inprobisazio ariketak eta olerkiak egingo dituzte. Olaizolari emakumeen antzerki tailerraz egindako elkarrizketa, hemen

Jabetze Eskoletan parte hartu nahi dutenek Emakumeen Txokoan (Goikokale 12) egin dezakete izen-ematea, bulegora bertaratuta, 943-15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat idatzita. 

Beste hainbat ekitaldi eta tailer ere izango dira datozen hilabeteetan Emakumeen Txokoan. Esaterako, Käffka antzerki obraren emanaldia, liburu aurkezpenak eta hitanoaren gaineko jardunaldia prestatu dituzte datozen asteetarako.