Alaitz Olaizola: "Tailerraren helburua jolastea eta sormena lantzea da"

Uztarria.eus 2016ko ots. 23a, 14:47

Emakumeen Jabetze Eskolen baitan, Antzerki Jolasak: Bizitzarako erreminta tailerra jarriko dute martxan. Alaitz Olaizolak gidatuko ditu saioak, eta orain arteko "antzerki montaje" formatua utzi eta jolastea nahiz sormena lantzea izango dute helburu. Oraindik zabalik da izen emate epea. 

Hamabi urtez aritu da Alaitz Olaizola antzerki tailerren gidaritzapean. "Hasiera batean antzerki jolas formatuarekin hasi baginen ere, azkenerako antzerki obrak interpretatzen bukatu genuen", hala azaldu du Alaitz Olaizolak. Horrek, ordea, "antzerki tailerretara joaten zenari lan handia" suposatzen ziola dio Olaizolak, "gabaz gidoia ikastea, entseatzeko orduak sartzea, esfortzu berezia". Orain, baina,  dinamika horri "buelta bat" emateko garaia iritsi dela ikusi du eta horregatik jarriko dute martxan martxoaren 4an Antzerki Jolasak: Bizitzarako erreminta, Emakumeen Jabetze Eskolen bueltan. 

"Esperientziak erakutsi digu, hamabi urteren ondoren, antzerki obrak egiteak baduela bere xarma, tailerretan oso ondo pasatu dugulako". Urte guzti horietan tailerretara animatu diren emakume bakoitzak arrazoi ezberdinak bultzatuta animatu izan direla dio, autoestimua lantzea, euskara hobetzea edota sormena lantzea, esaterako. "Horretarako espazio libre bat sortu genuen, non etortzen zen oro eroso sentituko zen, bere egonezinak azaltzeko, barruak askatzeko, ikasteko, sortzeko edota imajinatzeko". Hori da martxan jarriko duten tailerraren helburua, Olaizolaren hitzetan. 

Sormenaren garrantzia 

"Sormena bizitzarako arma da" Alaitz Olaizolarentzat eta horregatik nahi du bereziki landu sormena Antzerki Jolasak: Bizitzarako erreminta tailerrean. Hitz baten bueltan "sekulako" istorioak sortu izan dituztela azaldu du eta "horrelakoetan konturatzen gara zertarako gai garen", dio. 

Dinamika ezberdinak erabiliz "jolastea eta sormena lantzea" du helburu Olaizolak gidatuko duen tailerrak. Horretarako, besteak beste, mota askotako jolasak, inprobisazio ariketak edota olerkiak egingo dituztela azaldu du, baita hitz batetik abiatuta istorio ezberdinak idatziko dituztela ere. "Dantza egingo dugu, imajinazioa landu, gorputza mugitu, helduak izanda ere jolastea posible dela ikusiko dugu", azaldu du Olaizolak. 

Bestalde, tailerrean parte hartzeak publiko aurrean antzeztu beharra suposatzen ez duela azpimarratu du saioen gidariak."Ez goaz aktoreak sortzera, jolastera, sormena lantzera, norbera ezagutzera eta gozatzera goaz" dio. 

Izen ematea zabalik

Oraindik izena eman daiteke  Antzerki Jolasak: Bizitzarako erreminta tailerreanMartxoaren 4tik maiatzaren 27ra bitarteko ostiraleetan izango dira saioak Emakumeen Txokoan 15:00etatik 17:00etara. Oraindik eman daiteke izena, parekidetasuna@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943 15 79 28 telefonora deituta. 33 euro ordaindu behar da izen ematea, 22 euro ikasle eta langabetuen kasuan.