Jabetze Eskolak eta denetariko jarduerak izango dira datozen hilabeteetan Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko urt. 21a, 15:14
Jabetze Eskoletako artxiboko irudia. (Emakumeen Txokoa)

Bost tailer antolatu dituzte emakumeei zuzendutako Jabetze Eskolen barruan, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Antzerki eta sabel dantza tailerrak, autodefentsa feminista eta ekonomia feminista ikastaroak nahiz atoestima eta ahalduntzea lantzeko saioak eskainiko dituzte Jabetze Eskoletan. Horiez gain, Käffka antzerki obraren emanaldia, liburu aurkezpenak eta hitanoaren gaineko jardunaldia prestatu dituzte. 

Urte berriarekin batera iritsi da eskaintza berria Emakumeen Txokora. Beste urte batez, emakumeentzako Jabetze Eskolak antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak, baita emakumeak ahalduntzeko beste hainbat jarduera ere. Jabetze Eskolen barruan bost tailer eskainiko dituzte ekainera bitartean, eta honako hauek dira: 

Ekonomia feminista tailerraGeneroak duen dimentsio sozioekonomikoa landuko dute ikastaroan, Marina Sagastizabalen eskutik. Martxoaren 15ean eta 16an izango da ikastaroa, eta zortzi orduko iraupena izango du. Ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta zapatuan 09:00etatik 13:00etara eskainiko dute tailerra.  

Sabel dantza ikastaroa: otsailaren 7tik maiatzaren 16ra, ostegunetan eskainiko dute ikastaroa, 18:30etik 20:00etara. Jaione Albeniz izango da irakaslea. Hemeretzi ordu eta erdiko iraupena izango du ikastaroak, eta 29,25 euro ordaindu beharko da. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 19,50 euro ordaindu beharko dituzte. 

Antzerki tailerraAlaitz Olaizolak eskainiko du ikastaroa, otsailaren 5etik maiatzaren 14ra, asteartetan, 18:00etatik 19:30era. Izen-ematea 29,25 euro ordaindu beharko da. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 19,50 euro ordaindu beharko dituzte. 

Autodefentsa feminista tailerra: Indarkeria mota ezberdinen aurrean kontzientzia hartzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita erasoen aurrean erantzuteko estrategien gaineko hausnarketa egin ere. 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Alaitz Mañesek eskainiko du tailerra, otsailaren 16an, larunbatez. Zortzi orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bi zatitan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Doakoa izango da. 

Autoestima eta ahalduntze ikastaroa: Emakumeen autoestimaren eraikuntzan sakonduko dute tailerrera animatzen diren emakumeek. Hain zuzen, "autoezagutzarako baliabideak eta gaitasunak" ezagutuko dituzte. Martxoaren 27tik maiatzaren 29ra, asteazkenetan, egingo dituzte saioak, 15:00etatik 17:00etara. Orotara, 18 orduko iraupena du tailerrak, eta 27 euro ordaindu beharko da izen-ematea. Langabetuek eta ikasleek, aldiz, 18 euro ordaindu beharko dituzte. 

Gaur ireki dute Jabetze Eskoletan izena emateko epea, eta otsailaren 1era arte egongo da zabalik. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Emakumeen Txokoan (Goikokale 12) egin dezakete izen-ematea, bulegora bertaratuta, 943-15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidalita. 

Jabetze Eskolen gaineko xehetasun guztiak, hemen

Beste hainbat hitzordu, prest

Jabetze Eskolez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak datozen hilabeteetarako. Hurrengo astetik aurrera denetariko ekintzak eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan, eta dagoeneko jakinarazi dituzte horien gaineko xehetasunak. 

Urtarrilaren 30ean, asteazkena, Trans sexualitateak liburuaren aurkezpena izango da Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek ondutako lana da aurkeztuko dutena. Liburuaren xedea da "eztabaidatzeko, gogoeta egiteko eta hezkuntza-praktikak eraldatzeko tresna" izatea. 

Otsailaren 20an, asteazkena, Microfisika sexista del poder. El caso Alcasser y la construccion del terror sexual liburua aurkeztuko du Nerea Barjolak, 18:00etik aurrera. Liburuaren helburua da "sexu biolentzia ikuspuntu politikotik lantzea eta beldurraren mugetatik kanporatzea". 

Otsailaren 15ean, ostirala, Käffka antzezlana izango da ikusgai Soreasu antzokian, 19:30ean hasita. Besteak beste, lesbianismoa lantzen du Kamikaz kolektiboaren obrak. "Sexu afektiboaren sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna jorratzeko" sortutako antzezlana da Käffka.

Martxoaren 30ean, zapatua, Hitanoa, emakumeen ahalduntzerako tresna jardunaldia egingo dute Emakumeen Txokoan. Goizean, 11:30ean hasita, hitzaldia eskainiko dute Garbiñe Bereziartuak, Eli Pagolak eta Onintza Legorburuk. Bazkalostean, aldiz, Nokadromoa sortuko dute, nokaz hitz egiteko gunea, hain zuzen. 

Emakumeen Txokoko ekintzen gaineko xehetasun guztiak, hemen