'Käffka' antzezlana Soreasun taularatuko dute otsailaren 15ean

Uztarria.eus 2019ko urt. 31a, 12:00

Sarrera guztiak agortuta zirela estreinatu zuten joan den ostiralean, urtarrilak 27, Kamikaz Kolektiboaren Käffka antzezlana. Bilboko Pabilioi 6 aretoan egin zuten estreinako emanaldia, eta haren arrakastaren ostean, Azpeitian egingo du antzezlanak bigarren geldialdia: otsailaren 15ean, ostirala, taularatuko dute lesbianismoa ikusaraztea helburu duen antzezlana. 19:30ean izango da emanaldia, Soreasu antzokian.

Erika Olaizola azpeitiarrak eta Miren eta Amancay Gaztañagak osatzen dute Kamikaz kolektiboa, eta haiek dira antzezlanaren gidoigileak eta zuzendariak. Aktoreak, berriz, Iraia Elias, Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal eta Oier Guillan dira. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen enkarguz mamitu du antzezlana Kamikaz Kolektiboak, eta proiektua martxan zen bitartean, Ortzadar LGBT elkartea batu zen lantaldera. Beraz, hiru eragileen elkarlanetik sortu da antzezlana.

2049. urtean kokatu dute Käffkak kontatzen duen istorioa. Nerabeak kontrolatzeko beharra sentituko dute urte horretan, eta horretarako eremuak sortuko dituzte. Testuinguru horretan ezagutuko dute elkar antzezlaneko bi protagonistek; beren maitasunarekin ez dute inolako arazorik, baina gizarteak badu hori onartzeko arazoa. Aniztasun sexu-afektiboaren sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna jorratzea da obraren asmoa. Proiektua bereziki nerabeei zuzendua dago, eta helburu didaktikoa du.

Dagoeneko salgai daude Soreasuko emanaldirako sarrerak Interneten. Kulturaz.eus atarian eskura daitezke dagoeneko, eta Sanagustin kulturgunean ere eskuratu ahal izango dira.