Lesbianismoa ikusarazteko 'Käffka' obra sortu du Kamikaz Kolektiboak

Uztarria.eus | Kultura
2018ko urr. 3a, 09:53

Erika Olaizola da konpainiako kidetako bat, Miren eta Amancay Gaztañagarekin batera, eta obraren zuzendarietako bat ere bada azpeitiarra. Gehituren enkarguz gauzatu du antzezlana, eta proiektua babesteko finantzaketa kolektiboa martxan da.

Kamikaz Kolektiboko kideak eta Käffka antzezlaneko aktoreak. (Kamikaz Kolektiboa)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen enkarguz, Käffka antzezlana mamitzen ari da Kamikaz Kolektiboa. Erika Olaizola azpeitiarrak eta Miren eta Amancay Gaztañagak osatzen dute konpainia, eta obra aurrera eraman ahal izateko, matchfunding kanpaina abian dago joan den hilaz geroztik.

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei eta haiekin bizi diren helduei zuzendutako obra da Käffka, eta lesbianismoa eta sexu askatasuna ikusgarri egitea du helburu. Bi emakumeren arteko maitasun harremana du ardatz istorioak, eta gaiaren inguruan hausnarketarako bidea zabaltzea nahi dute. Horretarako, besteak beste, estereotipoetatik urruntzen eta maitasun harremana "modu positiboan" erakusten saiatu da konpainia.

Kamikaz Kolektiboko hiru kideek idatzi dute testua, eta Olaizola eta Amancay Gaztañaga dira obraren zuzendariak. Aktoreei dagokienez, berriz, Iraia Eliasek, Mikel Ibargurenek, Edurne Azkaratek, Amaia Irazabalek eta Oier Guillanek osatzen dute lantaldea.

Pasiorik gabeko mundua

Taldeak etorkizuneko gizartea irudikatu du istorioa sortzeko, eta honako argumentua du lanak:"2049. urtean girotutako antzezlana da Käffka. Munduak kataklismo bat jasan du, eta hortik bizirik atera direnek arau zorrotzak jarraitu behar dituzte gizarte horretan bizi ahal izateko. Besteak beste, ezin dute pasiorik sentitu, baina jakinekoa da nerabezaroa pasio askoko garaia dela. Hori hala, Käffka izeneko guneak sortu dituzte nerabezaroa kontrolatzeko, eta horietako gune batean bizi dira antzezlaneko protagonistak", adierazi dute zuzendariek.

Obra mamitzeko, Soreasu antzokian hainbat sormen egonaldi egin du taldeak azken hilabeteetan. Urriaren 10ean ikusi ahal izango da lanaren emaitza; orduan izango da antzezlanaren aurrestreinaldia, Errenterian (Gipuzkoa). Obraren bira, berriz, hurrengo urtean hasiko dutela aurreratu dute.

Ekoizpenak 33.250 euroko aurrekontua du, eta, besteak beste, Kutxa Fundazioak eta BBK-k lagundu dute proiektua. Dena den, obra aurrera eraman ahal izateko, 8.250 euro lortu behar dituzte, eta horretarako finantzaketa kolektiboa hasi dute Goteo plataforman. Taldeak adierazi duenez, 25 egun barru amaituko da kanpainaren lehenengo fasea, eta beharrezko kopurura iristen ez badira, plataformatik kanpo utziko dute antzezlana.

Sustatzaileen arabera, herritarrek egiten duten ekarpena "txikia" bada ere, "laguntza handia" izango da haientzat. Gainera, antzezlana ekonomikoki laguntzen dutenek hainbat sari jasoko dute ordainetan, eta hala nola Errenteriako aurrestreinaldirako sarrera eskuratuko dute. Gehituk azpimarratu duenez, gainera, finantzaketa kolektiboan parte hartzen dutenek obrako profesionalei “lan duina bermatzen” eta "beharrezkoa den antzezlana sortzen" lagunduko diete. Era berean, beraien alea jarriko dute "euskal gizarte anitza, begirunetsua, kritikoa, hezitua eta askea" sortzeko. Herritarrek honako atarian egin ditzakete ekarpenak: www.goteo.org.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu