Zapatuan jarriko dituzte martxan autobusetan iragarritako ordutegi eta ibilbide aldaketak

Uztarria.eus 2016ko ots. 1a, 18:15

Donostiako geltoki berria ostiralean, otsailak 5, inauguratuko dute azkenean, eta hurrengo egunetik aurrera izango dira printzipioz urtarrilaren 16an hastekoak ziren berrikuntzak, Amarako geltokia kentzea tartean dela. 

Zapatu honetan, otsailak 6, jarriko dituzte azkenean martxan Lurraldebusek urtarrilerako aurreikusita zituen ordutegi eta ibilbide aldaketak.

Hasieran, urtarrilaren 16rako iragarri zituzten aldaketok, Donostiako Atotxako autobus geltoki berria inauguratu eta hurrengo egunerako. Inaugurazioa, ordea, atzeratu egin behar izan zuten eta, horrela, aldaketak bertan behera gelditu ziren, inauguraziorako data berria zehaztu bitartean. Gaur bertan, baina, jakinarazi dute Donostiako estazioa ostiralean inauguratuko dutela eta, horrenbestez, zapatutik aurrera ordutegi eta ibilbide berriak izango dituzte Lurraldebusen autobusek.

Berrikuntzen artean egongo da Azkoitia-Donostia lineako autobusak zapatutik aurrera ez direla Amaratik pasatuko. Bere garaian hainbat erabiltzaileren eta Azpeitiko Udalaren kexak eragin zituen erabaki horrek.