Kexa ugari eragin ditu Azkoitia-Donostia autobusaren Amarako geltokia kentzeak

Uztarria.eus 2016ko urt. 13a, 17:05

Udalak Aldundiari "urgentziazko bilera eskatu" eta "aldaketak bertan behera uzteko" galdegingo diola esan du eta kexu agertu da, "komunikabideen bidez jakin" duelako horien berri. Herritarrak ere ari dira mugitzen: Change.org plataforman sinadura bilketa jarri du abian erabiltzaile batek eta, hogeita lau orduren barruan, ia mila atxikimendu lortu ditu La Guipuzcoanako autobusek Amarako geltokian geldialdi teknikoa egiteko eskaerak.

Urtarrilaren 16tik aurrerako autobus zerbitzuetan hainbat ordutegi eta ibilbide aldaketa iragarri zituzten atzo, asteartea. Aldaketa horiek, eta horietako batek, bereziki, hautsak harrotu ditu. Urtarrilaren 15ean Donostian inauguratuko duten autobus estazio berriarekin lotuta iritsi dira aldaketok eta, tartean, Azkoitia-Donostia lineako autobusek aurrerantzean Amaran -orain arteko autobus geltokia zegoen lekuan- geldialdirik ez dutela egingo jakinarazi dute. Ez Amaran, ez eta Atotxako geltoki berrian ere; San Martin kalean eta Askatasunaren Hiribidean geldituko dira autobusak Donostian, zapatutik aurrera.

Donostiako geltokien murrizketak ezinegona eta kexak eragin ditu erabiltzaileen artean. Atzo bertan, Begoña Eliasek gutuna plazaratu zuen horren gainean. Gaur, berriz, bolo-bolo dabil sare sozialetan Azkoitia-Donostia linearen beste erabiltzaile batek Change.org plataformaren bidez abian jarri duen sinadura bilketa. Hogeita lau orduren barruan, ia mila atxikimenduren mugara iritsi da La Guipuzcoanako autobusek Amarako geltokian geldialdi teknikoa egiteko eskaera.

Udala ere kexu

Azpeitiko Udala ere haserre azaldu da eta, ohar bidez, Aldundiari "urgentziazko bilera eskatu" eta "aldaketak bertan behera uzteko" galdegingo diola esan du.

Kexu agertu da Udala, "komunikabideen bidez jakin" duelako aldaketen berri: "Gipuzkoako Foru Aldundiak, garraio publikoaren eskumena duen erakundeak, ez dio inolako kontsulta eta jakinarazpen ofizialik egin Udalari".

Udalaren esanetan, "ugari izan dira gaur goizean beren kexa eta ardura azaltzera udaletxera etorri diren herritarrak, eta Udalak jakinarazi nahi du herritarren interes orokorrak defendatzen ahal duen guztia egiten segituko duela". Foru Aldundiari aldaketak bertan behera uztea eskatzerako, "aurretik egin izan den bezala", aldaketa horiek eragiten dieten herrietako alkateekin harremanetan jarriko direla esan du Udalak, "ulertzen baita eskualde osoko herritarrei eragiten diela neurri horrek".