Gallardok Corrugados Azpeitian ez dela kaleratze gehiago izango esan die instituzioei

Uztarria.eus 2012ko mar. 6a, 11:19

Alfonso Gallardo Taldeko Manuel Romero ordezkaria atzo, astelehena, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu zen Gasteizen, eta "langile gehiago kaleratzea ez duela aurreikusten" adierazi zuen. Gainera, lehendik instituzioekin lortutako akordioari ere eutsiko ziola esan zuen Gallardo Taldeko ordezkariak.

Alfonso Gallardo Taldeko Manuel Romero ordezkaria atzo, astelehena, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu zen Gasteizen, eta "langile gehiago kaleratzea ez duela aurreikusten" adierazi zuen. Gainera, lehendik instituzioekin lortutako akordioari ere eutsiko ziola esan zuen Gallardo Taldeko ordezkariak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedientea onartzeko jarri zion baldintza zen 2016ra arte Corrugados Azpeitian gelditu diren langileak mantentzea.

Joan den astean Alfonso Gallardo Taldeak ekainetik aurrera 60 langile kaleratzea aurreikusten zuela esan zuten Corrugados enpresako batzordeko kideek. Hori dela-eta, egin dute bilera instituzioek eta Alfonso Gallardo Taldeko ordezkariak.

Atzoko bileran, bestalde, bideragarritasun planaren jarraipen batzordea martxan jarri zuten, nahiz eta, berez, otsailerako martxan egotea aurreikusten zuten. Gainera, Azpeitiko lantokiaren bideragarritasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro eman zizkion Gallardo Taldeari.

Egun 300 langile daude Corrugados Azpeitian. Gainera, duela egun gutxi kaleratu zituzten 100 lagun Corrugados Azpeitiatik; 87 euren burua boluntario aurkeztuta, eta hamahiru enpresak erabakita. Orduan, langileen ordezkaritza sindikalaren gehiengoa diren ELA eta LABek salatu zutenez, "zuzendaritzaren adletik langileek boluntario aurkezteko presioak jasan zituzten".