Sansebastianak 2024

Umeen danborradaren karrozako protagonistak, duela 50 urte

1974ko umeen danborradaren karrozan irten ziren herritarrak. (Pepe Gil)

1974an, Azpeitiko lau jai nagusiak izan ziren San Sebastian eguneko umeen danborradako karrozaren gaia.

Gabonak joan orduko, sansebastianetarako prestatzen hasiko da berehala Azpeitia. Datorren urtarrilaren 20an, aurten ere karrozak itxiko du San Sebastian eguneko umeen danborradaren desfilea. 2024an, trikitia izango da Aitor Expositok egingo duen karrozaren gaia.

Sansebastianetako karrozak, ordea, historia luzea du, ia-ia umeen danborrada berarena bezain luzea. 1980ko hamarkadaren lehen urteetara arte, herriko neskak joaten ziren karrozan, karrozako erregina eta haren ondokoak ziren protagonista nagusiak. Duela 50 urte ere, erregin bat eta hiru dama joan ziren karrozan, eta haiekin batera, lau neska-mutil gazteago, Azpeitiko lau jai nagusiak irudikatuz: sansebastianak, karnabalak, saninazioak eta santomasak.

Pepe Gilen bildumatik hartutako argazki honetan ageri dira 1974ko karrozan irten ziren zazpi herritarrak.

Uztarriak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azpeitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Soreasu auzoa zg., Dinamoa sormen gunea–.