Sansebastianak 2024

Aitor Expositok egingo du trikitiari eskainitako sansebastianetako karroza

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 11a, 12:37

2023ko umeen danborradako karroza. (Nerea Uranga)

Udalak jakinarazi duenez, bi proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Expositorena izan da puntuazio handiena jaso duen lana. Trikitia izango da San Sebastian eguneko karrozaren gaia. 

Aitor Exposito azpeitiarrak egingo du San Sebastian Eguneko karroza. Hark irabazi du Azpeitiko Udalak martxan jarritako lehiaketa, eta trikitia izango du karroza egiteko gaia. Udalak jakinarazi duenez, bi proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Expositorena izan da puntuazio handiena jaso duen lana. Horrenbestez, azpeitiarrak 1.500 euroko saria jasoko du. 

Festa Batzordeko zinegotziek aztertu dituzte lehiaketara aurkeztutako proiektuak, eta haien arabera, Expositok 2024ko karroza egiteko gaia "modu egoki, profesional eta eguneratuan" aurkeztu du. Expositoren lana aitortu ez ezik, lehiaketara aurkeztu den beste sortzaileari "eskerrak" eman dizkio udalak, eta, "datorren urtean berriro aurkeztuko delakoan, haren lanaren balioa eta egindako ahalegina" aitortu ditu erakundeak.

Aitor Expositok diseinatutako hirugarren karroza izango da 2024koa. 2020an Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta gai hartuta sortu zuen karroza. 2022an irabazi zuen bigarrenez umeen danborradako karroza egiteko lehiaketa, eta, horrenbestez, hark egin du 2023ko karroza. Ordukoan euskal antzerki topaketak izan zituen lanerako gai.