Sansebastianak 2023

Aitor Exposito: "Antzerkia, udazkena eta Azpeitia uztartzen ditu aurtengo karrozak"

Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 19:00
Aitor Exposito, Antzerki Topaketetako kartelekin apaindutako pasabidean.

Azpeitiko Antzerki Topaketen 40. urteurrena ardatz hartuta, umeen danborradako karroza diseinatu du Aitor Expositok. Karroza egiten duen bigarren aldia izanik, zeregina lasaiago hartu duela jakinarazi du.

Aitor Exposito (Azpeitia, 1994) arduratu da aurtengo sansebastianetako umeen danborradarako karrozaren diseinuaz, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeak hala erabakita. Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak da karrozaren gaia, eta San Sebastian egunean ikusi ahal izango da azpeitiarrak gai horren bueltan egindako lana. Ez da Expositok karroza egingo duen aurreneko aldia. Izan ere, 2019an ere hark irabazi zuen lehiaketa, eta hark egina izan zen, beraz, 2020ko sansebastianetako karroza.

Zer dela-eta animatu zinen umeen danborradako karroza diseinatzeko lehiaketan parte hartzera?

Ilusioa egiten didan zerbait da, zure lana ezagutarazteko aukera eskaintzen duelako. Aurrez ere banuen karroza egiten esperientzia –2020ko sansebastianetakoa ere berak egin zuen–, eta aurkeztera animatu nintzen. Ez nuen espero irabaztea, proposamen asko izango zirela uste bainuen. Dena den, sorpresa ona izan zen irabazlea nintzela jakitea.

Nolakoa izan da sormen prozesua? Gustukoa al duzu aurtengo gaia?

Marraztea asko gustatzen zait, eta ordu asko igaro ditut aurtengo gaiaren inguruko probak egiten. Gai polita iruditu zitzaidan Antzerki Topaketena; izan ere, gustuko dut antzerkira joatea eta topaketetarako egiten diren kartelak ikustea. Hala ere, Antzerki Topaketak gai zehatza diren arren, zaila egin zitzaidan ideia lantzea. Azkenean, antzerkia, udazkena eta Azpeitia uztartzen ditu aurtengo karrozak, eta gustura nago emaitzarekin.

"Marraztea asko gustatzen zait, eta ordu asko igaro ditut aurtengo gaiaren inguruko probak egiten"

Diseinuaz zertxobait gehiago aurreratzerik bai?

Ez, ez. San Sebastian egunean ikusiko da azken emaitza. Denboraz ondo goaz; azken ukituak bakarrik falta zaizkigu.

2020ko esperientziaren ondoren, errazagoa egin al zaizu aurtengo prozesua?

Bai, duela hiru urte ez nekien ezer; ez nekien karroza guztia egurrarekin egiten al zen edo material gehiago erabiltzen al ziren, adibidez. Gremioek asko laguntzen dute, ordea, horiek urteetako esperientzia dutelako, eta horrek asko errazten du lana. Aurten, hori jakinda, lasaiagoa eta errazagoa izan da prozesua.

Amsterdamen bizi zara. Nola moldatu zara dena koordinatu ahal izateko?

Gabonetan bi aste igaro nituen Azpeitian, eta orduan jarri nuen dena martxan. Horrez gain, familiakoek asko lagundu didate: jendearekin hitz egin behar bazen, arropen inguruko lanak egiterakoan... Aste honetan ere Azpeitian izango naiz karrozari azken ukituak egiteko.

Karroza egiterakoan zer iruditu zaizu zailena?

Arropen kontua, adibidez, zaila egin zait. Ez nekien nondik hasi, baina historia irakurri eta dokumentuak ikusi ahala, ideia argitzen joan zait. Udalak gordeta zituen aurreko urteetako karrozetarako egindako arropak, eta horien artean aurkitu ditut aurtengorako balio dutenak.

Lan handia eskatzen du karroza egiteak, ezta?

Duela hiru urte lehiaketara ez nintzela gehiago aurkeztuko esan nuen. Dena den, ilusioak mugiarazten zaitu: zure lana erakusteko ilusioak irabazi egiten dio karroza egiteak eskatzen duen lanari eta sortzen duen estres guztiari.

"Zure lana erakusteko ilusioak irabazi egiten dio karroza egiteak eskatzen duen lanari eta sortzen duen estresari"

Egun gutxi falta dira lana herrian erakusteko. Herritarrek zer esatea espero duzu?

Karroza herritarren gustukoa izatea espero dut. Duela hiru urte kritika onak jaso nituen, eta ea aurten ere hala gertatzen den.

Sansebastianak gustuko al dituzu? Nola bizi dituzu?

Oso gustuko ditut, eta ahalik eta gehien parte hartzen saiatzen naiz. Duela hiru urte Inpernue talde berriarekin atera nintzen danborra jotzen, eta jantzia behin soilik erabili dugunez, berriro irteteko irrikaz nago. Horrez gain, sokamuturra ere gustatzen zait.

Aurten ere, karroza egoki atera dadin, goizean goiz jaiki beharko duzu San Sebastian egunean, ezta?

Izango dut astia gaueko danborradaz eta ondorengo parrandaz zertxobait gozatzeko. Dena denboraz egoki eta erritmo onean doala ikusirik, lasai nago. Azken ukituak errepasatzeko gelditu beharko dut arotzarekin, baina festez gozatzeko parada ere izango dudala uste dut.

Azpeitiko festarik politenak al dira sansebastianak?

Politenak sansebastianak izango dira ziur aski, baina, karnabalak ditut nik gogokoen. Gainera, bi festa horietan ateratzen da karroza –Jai Karnabalean ere ateratzen da–, eta hori ere ondo iruditzen zait.