Euskal Herriko Herriartekoaren finalera joateko autobusak antolatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2018ko uzt. 17a, 13:13
Iazko Euskal Herriko Herriartekoaren finalean Azpeitiak jantzi zuen txapela.

Finalerako sarrerak igandean bertan erosi beharko dira Zornotzako pilotalekuko leihatilan. Autobuserako izena emateko azken eguna osteguna izango da. Izen-ematea Mugari eta Korrale tabernetan edo ilunpeelkartea@gmail.com helbidera mezu bat idatzita egin daiteke. 

Azken urteetako dinamika onari jarraipena emanez, Azpeitiko esku pilota taldeko ordezkariek Euskal Herriko Herriartekoaren finala jokatzeko txartela eskuratu dute. Finalaurrekoetan Iruñeari 3 eta 0 irabazi ostean, Amurrio izango dute aurkari Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketako finalean. Datorren igandean izango da hitzordua, 11:00etan hasita, Zornotzako (Bizkaia) Udal Pilotalekuan.

Sarrerak eta autobusak

Finalerako sarrerak igandean bertan jarriko dituzte salgai Zornotzako pilotalekuko leihatilan, eta bost euro balioko dute. Beraz, ez da aurrez sarrerak erosteko aukerarik izango.

Herritarrak finalera animatzeko eta bidaia errazteko, Ilunpe pilota elkarteak eta Azpeitiko Udalak doako autobusak antolatu dituzte iganderako. Autobus zerbitzu hori erabili nahi dutenek ostirala baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, bi aukera daude: Korrale eta Mugari tabernetan izena ematea edo ilunpeelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea. Izen-ematea egitean autobusez joango diren lagunen izen-abizenak eta pertsona kopurua zehaztu beharko dira. Igandean 09:15ean irtengo dira autobusak anbulatorio aurretik.

Azpeitiak hirutan irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa. Hain zuzen ere, 2008an2015ean eta iaz ekarri zuten txapela Azpeitira Ilunpeko pilotariek.