Euskal Herriko Herriartekoaren txapela ere, Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko uzt. 21a, 23:52
Azpeitiko txapeldunak eta Usansoloko pilotariak, finala amaitu ostean. Azpeitia nagusi izan da Larrabetzun, 3-0. (Maialen Etxaniz)

Ilunpeko pilotariak 3-0 nagusi izan dira amaitu berri den Usansoloren kontrako finalean, Larrabetzun. Kadeteetan 22-20, jubeniletan 22-6 eta seniorretan 22-16 izan dira emaitzak. Horrenbestez hirugarren aldiz irabazi du Azpeitiak txapelketa. Bihar, 13:00etan, egingo die harrera Udalak txapeldunei.

Hilaren 1ean Gipuzkoako txapela hirugarren aldiz jarraian irabazi ondoren, gaur Azpeitiak historiako bere hirugarren Euskal Herriko Herriartekoaren Txapelketa irabazi du; 2015ean lortu zuten azkena eta, iaz ere finalera iritsi arren, galdu egin zuten. Larrabetzun jokatutako finalean, gaur hogei egun Donostian jokatutakoan bezala, 3-0 nagusitu dira azpeitiarrak, oraingoan Usansoloren kontra.

Finalaren emozio guztiak lehen partidan agortu direla esan daiteke. Kadeteetan, 22-20 irabazi dute Aimar Egigurenek eta Unai Alberdik; partida luzea, gogorra eta hasieratik bukaera arte parekatua izan da. Lehen puntua kostatuta baina bikain irabazi ondoren, jubenilen neurketarekin hartu du txapelak Azpeitirako bidea. Kadeteak ez bezala, oso erraz nagusitu dira Jon Alberdi eta Julen Egiguren, 22-6. Finala erabakita zela, seniorretan emaitza borobildu dute Ilunpekoek: 22-16 irabazi dute Markel Etxanizek eta Iosu Uzkudunek.

Azpeitiko pilotariak nagusi izan dira kantxan, azpeitiarrak harmailetan bezalatsu. Azken unean Euskadiko Pilota Federakundeak 10 euroko sarrera ezarri badu ere, berrehundik gora herritar hurbildu da Larrabetzura. Hala, Euskal Herriko Herriartekoaren finalean, Donostiako Atano III.a frontoian gisan, Azpeitiko zaleek ez dute hutsik egin, eta ez da tronpeta doinurik zein kanturik falta izan pilotalekuan. 

Gaurko kapituluarekin eman dio amaiera Azpeitiak joan den maiatzean hasi zuen istorioari, ezin hobeto, gainera: Euskal Herriko txapela herrira ekarrita. Bidean topatutako oztopoei aurre eginda, jokalari ezberdinei jokatzeko aukera emanda, aurtengo txapela merezita jantzi dute Ilunpeko pilotariek.

Final aurrekoan Azpeitiak Gasteiz kanporatu zuen, Arabako ordezkaria, eta Usansolok Doneztebri irabazi zion, ezustean.

2008. urtean lortu zuen aurreneko Euskal Herriko Herriartekoaren txapela Azpeitiak, eta zazpi urtera eskuratu zuen bigarrena, 2015ean. Oraingoan ez dute horrenbeste denbora behar izan berriro txapela herrira ekartzeko, eta, ziur, hurrengo urtean ere horretan ahaleginduko direla. 

Harrera, bihar

Euskal Herriko Herriartekoaren txapeldunei bihar egingo diete harrera herrian. Hain zuzen ere, Udalak iragarri du 13:00etan hartuko dituztela udaletxean.