Nire 'meme'a

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2007ko ots. 20a, 16:02

"Nik bidalita, 'memea' iritsi zaizu. Ez dakit neuk ere oso ondo zer den, baina aspalditxotik dabil bueltaka euskal blogarion artean. Norberaren bost sekretu edo kontu ezezagun kontatu behar ditu 'meme'-a jasotzen duen blogariak, eta gero beste bost blogariri pasa enkargua. Jolas bat da azken batean, edo hala hartu dut nik behintzat". Mezu hori jaso nuen atzo, Juan Luis Zabala 'Pipi' lankideak bidalita. Grazia egin zidan, eta zer kontatu nezaken pentsatuta lotsatu ere bai sarritan. 48 ordu pasatu ditut zer kontatu zer ez kontatu erabakitzen (autozensura delakoa). Eta ze parre neure buruari!

Hemen doa laburpena:

1. Baserritarren alaba izaki, asteburuak Elosuko baserrian pasatzen nituen umetan. Gustura joaten nintzen, arazo bat sortu zitzaidan arte: Mazinger Z marrazki bizidunak larunbatetan botatzen hasi ziren, eta astelehenetan ikastolara joaten nintzenean lagun denek ez zuten besterik izaten gogoan. Errebeldian sartu nintzen orduan: baserrira gehiago ez nintzela joango esan nien gurasoei, Mazinger Z ezagutu behar nuelako. Halako kasketa harrapatu nuen, azkenean baserriko osabak telebista erosi eta baserriko sukaldearen erdi-erdian jarri zuela.

2. Azpeitiar petoa izanda, gazteleraz hitz egin eta idazteko arazoak izan ditut beti. Unibertsitatean Iruñean hasi nintzenean, Opusen, aurreneko urtean oso lagun gutxi egin nituen, eta denak euskaldunak, gazteleraz hitz egiten ez nuelako asmatzen. Ezin nuen hitz egin. Klasekide askok atzerritarra al nintzen ere galdetu zidaten, “gutxi eta azento raroarekin” hitz egiten nuelako. Urte hartan asignatura bat suspenditu zidaten gazteleraz egindako akats ortografikoengatik.

3. Realzale eta Bartzelona zale deklaratua izan arren, karrera bukatu eta pisukideekin oporretara joan nintzenean Real Madrileko jokalari batekin parrandan bukatu nuen. Real Madrileko jokalaria, Ivan Helguerarekin. Oso majoa iruditu zitzaidan, jatorra zirudien, eta oso ondo pasatu nuen parrandan. Noski, ez nion esan ez realzale ez bartzelonazalea nintzela. Hori baino gehiagor ere esan nion. Azpeiti ez al zuen ezagutzen galdetu nion, ta berak ezetz, ta nik herri inportantea zela. Nere herria nola edo hala eta derrigorrean saldu egin nahi nion eta azkenean zera esan nion: "En Azpeitia, tenemos monumentos muy grandes".

4. Kazetari lanetan hasi nintzenetik hanka sartze mordoa egin ditut. Aparteko abilidadea dut antzeko izen abizenak nahastu eta berdin bihurtzeko. Iruñean, behin, Euskadi Irratirako informatibo baterako kronika egiten ari nintzela, Jorge Sanz Nafarroako presidentea esan nuen. Inor ez zen enteratu Jorge Sanz aktorea dela eta Miguel dela presidentea. Beste behin, Egunkariako kirol sailean ari nintzela, Armendariz pilotaria jarri beharrean Ariznbarreta jarri nuen. Pilotariak berak deitu zidan irabazle jarri nuelako eskerrak ematen, baina hori, berak ez zuela jokatu.

5. Kirolari nuloa izan naiz orain gutxi arte. Nuloa eta anti-a, gainera. Alegia, kirola egitea alperrikakoa zela aldarrikatzen zuten horietakoa. Gimnasia asignatura gainditzen ez zuen bakanetakoa nintzen, futbol eta saskibaloi taldean jokatzen hasi eta txartelak atera ostean kalera bidaltzen zutenetakoa. Orain hiru urte arte 4 kilometro ere ez nituen egiten segidan. Presoen elkartasun kros batean ere tranpa egin behar izan nuen, 6 km jarraian egiteko kapazidadeik ez nuelako. Orain hiru urte ordea, orduko arantza ateratzeko entrenatzen hasi nintzen, urte hartako krosa bukatu egin nuen, eta Behobia Donostia lasterketa ere egin egin nuen. Urrestillako krosean bi aldiz atera naiz ,eta bietan azkena bukatu dut. Eta halere astean hiru aldiz joaten naiz korrika egitera, noiz edo noiz mejoratuko naizen esperantzan.

Egin dut niri dagokidana. Orain, beste bost kide haueri pasatzen diet erronka: Josu Badiola, Iñigo Ibarguren, Gari Berasaluze, Iñaki Petxarroman eta Otsobeltz.