Danbor hotsak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2007ko urt. 19a, 16:01

Danbor hotsak entzun eta danborrada etortzen zait burura. Eta gaur San Sebastian bezpera izanda, are gehiago. Baina gaur, zoritxarrez, bestelako tanbor hotsak ere entzun dira Azpeitian. Eta Euskal Herri osoan ere bai. Danbor hotsak gerra hotsa ere esan nahi baitu, gatazka hotsa.

Orain baietz, orain "talde terroristako kide" direla. Kafe ere bai. Hala entzun dut irratian, eta Sarriegiren doinuak tanbor hots bortitz bihurtu zaikit. Buruko mina ematen duen horietako tanbor hotsa, bihotzeko mina ere eragiten duten horietakoak.

Eta danborra ikusi dut gure etxeko gela batean. Eta Amnistiaren Aldeko taldeko traje bat. Eta kontraesanak jan nau. Aldarrikapenerako danbor hots alaiagoak espero nituen gaur gauerako. Tristeak imaginatu ditut albistea entzun bezain pronto.

Ez, ez dira goizean imaginatu bezain alaiak izango gaur gaueko danbor hotsak. Buruko eta bihotzeko mina eragiten duten danbor hotsak ere isilduko ez direlako, eta entzun nahi ditudan danborjole baten danbor hotsak entzungo ez ditudalako.

Bidegabea, injustoa... ez dut betikoa esan nahi, baina esan egin nahi dut. Esan beharra daukadalako. San Sebastian bezperako danbor hotsak soilik entzun nahi ez ditudalako, eta horiek bakarrik entzun nahi dituztenei bestelako danbor hotsak ere entzun arazi nahi dizkiedalako. "Jaiak bai, baina borroka ere bai". Hala zioen garai bateko lemak. Ez dut hainbeste eskatzen, ez dut hainbeste nahi. Baina ezingo nuke sinestu batzuk bestaldera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezalako danborrada egingo balute gaur. Ez disimulatu, gaur, Azpeitin, denok dakigu ez dela San Sebastian bezpera soila. Danbor hots ilunak ere denontzat dira.

Muxu bat Kafe. Besarkada bat. Bide batez, zorionak Iker. Ez dira betiko garai onenak... Baina argituko du eguzkiak. Danbor hots gozoenak gailenduko dira, noiz edo noiz.