Nola aldatzen diren gauzak...

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko aza. 6a, 16:11

Zortzigarren mailaka afaria izan dugu asteburuan. Urte mordoa pasatu da zortzigarren maila egin genuenetik, eta geu ere gehiago edo gutxiago zerbait aldatu gara. Umetako lagunekin, ordea, normalean zera gertatzen da, etxeko moduan izaten garela ia betirako, eta konfiantza hori ez dela hain erraz galtzen. Neri behintzat hala gertatzen zait.

Baina garaiak aldatu dira, eta nabarmen geratu zen hori aurreko afarian. Gutako asko ume bihurriak izandakoak gara, galantak egindakoak, eta gure maixuak ondo baino hobeto akordatuko dira. Gutako batzuk, berriz, dagoeneko guraso dira. Beste batzuk, irakasle lanetan ari dira, eta gehienok (batzuk besteek baino gehiago) "helduen begiekin" ikusten dugu orain mundua.

Eta horrelakoetan normala den bezala, gure haurtzaroa eta egungoa konparatzen hasi ginen. Kontu xelebre franko atera zen, bai, baina badira bi hemen kontatu nahi ditudanak, zer pentsatua eman zidatelako.

"Gure garaian, ikastolan aldrebeskeriaren bat egin eta irakasleak ipurdiko bat emanez gero, etxera joan, eta amak edo aitak bestea ematen zigun. Orain, ikutzea ezta okurritu ere, eta zerbait eginez gero, gurasoak segituan joango dira irakasleari kontu eske". Kontatu zuen irakasle batek.

"Guk, umetan, denda batean lapurreta egin eta harrapatuz gero etxean latzak aitu behar. Orain, berriz, zea. Lehengoan ume bat ikusi nuen mangatzen, eta harrapatu egin nuen. Errieta egin, eta dirua kendu nion. Handik 10 minutura hor dator ume hori bere amarekin. Bere ama neri kontu eske, bere semeari dirua zer dela eta kendu nion galdezka. Lapurretan harrapatu nuela esan nion eta berak, zera, bere semeak ez zulea lapurretan ibiltzeko nezezidadeik, eta faorez, dirua itzultzeko. Eta gehiago ez zela dendara etorriko", kontatu zuen dendari batek.

Ez dakit zer esan. Oraindik ez naiz guraso, eta beraz, ezin dut eskarmenturik, baina egun umeak gehiegi ez ote diren babesten irudipena izan nuen kontu hauek entzunda. Agian neu guraso izaten naizen egunean bestela pentsatuko dut, baina ez dakit ba, gure aldrebesean, ipurdiko eder batzuk hartuta nahiko pertsona dezenteak atera garela esaten ausartzen naiz.