Argi ibili begiye

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko uzt. 24a, 17:07

Beheko solairutik bigarrenera igotzeko eskaileren deskansilloan. Hantxe egoten zen kartela, berdura plazan, ni umea nintzen garaian. "Kontuz, karteristak". Ez dakit zehazki hori esaten zuen, baina "karterista" hitza jartzen zuela bai, hori seguru, hitz horrek nigan sekulako "inpaktoa" egin zuela akordatzen bainaiz. "karterista, karterista, karterista...". Ez dakit, -ista bukaera hori beste zerbaitekin lotzen nuen edo zer, baina berdura plazan ez dakit ze tipotako pertsonak imaginatzen nituen. Amak lapurrak zirela azaldu zidanean areagotu egin zen nire "karteristaren" mitoa. Gogoratzen naiz gure ama-eta erosketak egiten ibiltzen zirenean ni "karterista" haiek non agertuko ibiltzen nintzela.

Baina bakar bat ere ez nuen ikusi, eta urteekin termino hori bera ere ahaztu egin zitzaidan. Duela hiru bat urte arte. Saninaziyotan, Eperraneko komunera sartu, eta papela hartzen ari nintzela kartera piloa erori zen lurrera. Lagun bat eta biok aho zabalik geratu ginen. "Ostia, hauek ze? Eta konturatu ginen "hustutako" karterak zirela. Ixpixiora eraman genituen. Handik bi egunera gure koadrilako biri ere kartera ostu zioten.

Ordutik, urtero geratzen zaio gure koadrillakoren bati tonta arpegia. Urtero ibili da "karterista"-ren bat gure bueltan. Eta iaz neuri tokatu zitzaidan. Afaria eduki genuen eta neuk jardun nuen denei esaten "argi karterikin eee!" ta alaaaa, bi trago hartzerako neuri harrapatu zidaten. Kartera osoa. Diruaz gain, txartel eta bestelako paper mordoarekin. A ze disgustoa... negar eta guzti egin nuela akordatzen naiz. Eta ez diruagatik, hurrengo egunean oporretara joateko VISA ere harrapatu zidatelako baizik. Ixpixiora sartu eta han izandako sasi ilusioarekin ere akordatzen naiz. Atea iriki, eta berehala esan zidaten: "Zer zatoz, kartera bila?", eta nik, "baiiii, azaldu egin al da ba?" (inuxentea ni), "ez ez, eske danok horta zatozte"...

Agertu agertu zen, handik hilabetera edo. Txartel eta guzti, dirua soilik falta. Gaitzerdi. Baina dagoeneko urtebete pasatu da eta neure buruari kanpaina egiten hasi naiz. Lagunek ere esan didate jada: "Aurten ondo ixkutauta ekarri dirue eh?". Bai, oraindik ez dakit non, baina ondo ezkutatuko dut. Despistatzen naizen arte...

Ba hori, berez Santo Tomasetarako den kopla bat kantatuko dudala datozen egunotan, behin eta berriz. Ez ahazteko. Ia zuentzako ere balio duen. Ehunka kartera harrapatzen omen dituzte Saninaziyotan gurean, beraz, aurten ere izango da zer edo zer...

Gure etxean erakutsi zidaten bezala:

Santo Tomasko periye

Txorixue ta ogiye

lapurrak dabiltza eta, lapurrak dabiltza eta, lapurrak dabiltza eta

argi ibili begiye

P.d. : A bueno, eta kartera inork harrapatzen ez badit behintzat, oporretara joango naiz saninaziyo bigarrenez, eta seguruenez hauxe izango da nire azken bloga. Joan aurretik, hori bai, eskerrak eman nahi dizkizuet denoi, eta batik bat nik jarritako gaietan erantzun duzuenoi. Azpeitin asko eta askotarikoa dagoela erakutsi didazue, eta halaxe behar duela, gainera. Denok berdin pentsatuko bagenu hori aspermena! Ondo ibili denok eta hurrengora arte!