Porlanezko herriak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko uzt. 11a, 15:07

Itzulerak gogorrak izaten dira. Oporretatik bueltak bai behintzat. Asteartea izan eta astelehen ustea dut; uda izan eta udazken ustea; bost egun kanpoan egin eta hamabost egin izanaren sentsazioa.

Eta nola izaten diren gauzak, behingoagatik Azpeitiz ondo hitz egitera natorren honetan, batzuk “perretxiko hori non grata” izendatu nautela irakurri dut. Alderdi politiko batekoa naizela, eta beste ofizio bat aukeratu beharko nukela ere gomendatu didate. Eta ni bitartean loteria tokatzeko ametsetan! Badakizue, lanari utzi, ofizioz aldatu, eta perretxiko beharrean kategoriko onddo edo trufa bihurtzeko edo…

Baina oraingoz loteriarik ez, (eta gero ere larri, ez baitut jokatzen) eta hemen jarraitu behar pelotan. Eta bestela ere bai, Azpeiti gustuko baitut, batzuk bestela uste arren. Katalunian izan naiz, hango herri turistiko-turistiko batean, eta gurean zein ondo bizi garen ikusi dut beste behin. Lloret de Mar da herria, Gironako kostakoa, baina munduko beste edozein lurraldetakoa dela esanda ere sinetsiko nuke. Bertako bakan batzurekin hitz egin dut eta euren herria izaera gabe gelditu dela esan zigun. Ez da gutxiagorako: bost egun hauetan inglesa ikastera joan banintz bezala sentitu naiz, edo frantsesa, edo alemaniera… Katalana ez dut somatu ere egin, eta espainola oso gutxi.

Bi herri batean. Halakoa da Lloret de Mar. Erditik hondartzara bitartekoa Europako gazteentzat egindako herria, turista europarren gutixiak eta mozkorrak asetzeko sortutakoa. Las Vegas deitu diogu guk, hala baitirudi bertan sartzen zarenean. Kataluniako kostako herrixkaren aztarrenik ez da ageri hondartzatik dezente urrutiratu arte, eta orduan ere, gutxi, oso gutxi. “Lloret ez da Katalunia”, esan zigun bertako zerbitzari batek, triste. “Ez dirudi behintzat”, erantzun genion.

Eta gure herrian horrelakorik ez dela gertatzen jakinda poztu egin ginen. Aldatuko nuke Azpeitiko hirigintza proiektua: batzuk eraiki nahi duten etorkizuneko Azpeiti ez dut gustuko, Loiolara bidean ez dut etxebizitza gehiago nahi, baserriak botatzerik ere ez… baina Lloretetik bueltan zera esan diot nire buruari: “txarren txarrenien e guk gure izaeriei eutsi eite zonau”. Hala izango ote da… porlanezko herriak baino gehiago garela sinestu nahi dut.